Nikel emisioak mozteko neurriak eraginkorrak izan dira Ordizian eta Zaldibian
Txosten luzean azaldu du Ingurumen Sailak gehiegizko isuriak atzeman, iturriak identifikatu eta neurriak ezartzeko prozedura. 2015ean gainditu ziren mugak, INMA planeko kaptatzaileetan
Kezka eragin zuen iaz Ordiziako eta Zaldibiako airean nikel metalaren partikulen gehiegizko kopuruak. Ingurumenean eta gizakien osasunean eragin zitzakeen kalteak, eta Goierri den bezalako eremu industrializatuaren ifrentzua bihurtu zen kutsadura, beste behin. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak aurtengo otsailean argitaratu du prozeduraren berri ematen duen txostena, 35 orrialdekoa, Ordizian eta Zaldibian atmosferan nikela egoteari dagokionez eginiko azterlana eta hartutako neurriak; baita laborategiko analisien emaitzen dosierra ere.
Izatez, Haurtzaroa eta Ingurumena edo INMA bezala ezagutzen den proiektuko aire kaptadoreen bitartez ezagutu zen bazela ezohiko isuriren bat. Ordizia-Urdanetako neurgailuak PM2,5 motako partikulen urteko batez besteko altua eman zuen: 22,29 ng/m3-ko. PM10 neurrikoen muga 20 zenean.
2016an lantaldea sortu, eta industriaren eragina ikusi zuten. Astegunetan igotzen zen kutsadura; asteburuetan, jaiegunetan eta abuztuan jaitsi. Burdin, manganeso, kromo eta nikel korrelazio handia atzeman zuten. Nikel emisioen neurketak ez zegoen aire kalitaterako araututakoen zerrendan zortzi tokitan egin, beste kaptadore batzuk instalatu inguruko herrietan, eta Ordizian zentratu zuten gunea. Geroago, Zaldibian bigarrena.
Bi enpresatan jarduerak
Ingurumen Sailaren txostenak, ikerketaren pausoak xehetzeaz gain, Ordiziako Orkli eta Zaldibiako Iurrelan enpresetan egindako azterketen berri eman du, nikel fokuak han zeudelako. Bi enpresen prestasuna, kolaborazio osoa eta eskatutako ekintza-planak gauzatzeko azkartasuna ere baloratu du txostenak.
Orklik 2018ko otsailaren 15ean aurkeztu zuen ekintza plana, behin emisio-fokuak eta iturria zehaztuta. Aramako lantegiko granailaketa-fokuan, arazketa sisteman iragazki gehigarriak instalatu zituen. Erabiltzen zuen grafitodun olioa, molykote deritzona, aztertu eta aldatu zuten.
Ondorioa berehala sumatu zen: «Ordizia-Urdanetako kaptadorean, 2018ko lehen seihilekoan lortutako airearen kalitatearen datuek esan zuten nikel kontzentrazioak behera egin zuela», dio jaurlaritzak.
Baina arazoak oro har ez ziren hor bukatu, eremu horretan nikelaren balio «ezegokiek» segitzen zutelako. 2019ko ekainean, zazpi herritako 32 enpresatara zabaldu zuten ikerketa. Zaldibia-Gaintza bidegurutzeko unitate mugikorrak atzeman zituen nikel balio handienak, eta Iurrelan mekanizatu kooperatiban kokatu zuten bigarren iturria.
Zaldibiako enpresa horrek 2020ko otsailaren 14an aurkeztu zuen eskatutako ekintza-plana, batez ere arku-aire tratamendu eremuan lehentasuna jarrita. Irailaren 28rako, ekintza-plana osorik gauzatuta zegoen.
Txostenaren arabera, nikelaren presentzia %90 gutxitu da, eta neurri zuzentzaileekin lotuta dauden beste metal batzuena ere bai: kromoa % 91, kobaltoa % 86, manganesoa % 82, kobrea %79 eta burdina % 73.