Auzolanean lur berriak ereiten
Martxoaren 24ra arte egin daitezke Errigoraren udaberriko kanpainako eskaerak. 'Eskutik eskura' kanpainaren helburua «herria egitea» dela azaldu dute Goierriko antolatzaileek.
Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina martxan da dagoeneko, Plateretik baratzera lelopean. Martxoaren 4an ireki zuten olioa, arroza, pasta eta kontserbak eskatzeko epea, eta martxoaren 24ra arte egongo da zabalik. Azken urteetan indarra hartu du ekimenak, eta aurtengo udaberriko kanpainak ere itxura ona dauka Goierriko antolatzaileek adierazi dutenez. «Ikusten dena da, urtez urte gure sarea sendotzen eta zabaltzen ari dela; itxaropen oso onak ditugu»,azaldu du Erramun Amundarainek.
Blanca Lopez, Asier Iriondo, Iker Mendizabal eta Erramun Amundarain arduratzen dira Goierrin eskaeretaz eta Errigoraren bueltan sortutakoen kudeaketaz, eta haiekin batera, ehunka lagun Euskal Herri osoan, auzolana baita ekimenaren ardatzetako bat. Proiektua lurralde osora hedatzea da helburua: «Oso ekimen gutxi dauzkagu Euskal Herri osoa hartzen dutenak, eta guk nahi genuke Errigora ere Euskal Herri osoan egiten den ekimena izatea».
Banakoen inplikazioaz gain, Ikastolek, AEK-k eta Sortzen elkarteak ere parte hartzen dute ekimenean, eta etekinak daudenean, udazkeneko kanpainan, banaketa proportzionalki egiten da, bakoitzak egiten duen salmentaren arabera. Udaberriko kanpainan, halere, ez da izaten etekin ekonomikorik, produktuak ekoizleen jatorrizko prezioan saltzen baitituzte, 25 ekoizlerekin eta baserritar txikiekin lan eginez, eta euskaraz etiketatuta. «Ikuspegia kanpaina honetan herria egitea da, Nafarroa hegoaldeko produktuak gure zonaldean saldu eta nolabait haien biziraupena ziurtatzea». Orain arte produktuen banaketa bi zatitan egin badute ere, aurten batera banatuko dituzte. Apirilaren 20ean iritsiko dira Goierrira.
Soro berriak lantzea
Errigora ekimenaren bidez, urtean Nafarroatik Euskal Herriko beste zonaldeetara mugitzen den fluxu ekonomikoa milioi t’erdikoa da azken datuetan oinarrituta: «Hori oso inportantea iruditzen zaigu hala hango baserritarrak derrigortuta daudelako soro berriak landu eta ereitera». Orain martxan dagoen udaberriko kanpainarako, adibidez, produktu eskaintza zabaldu dute: «Duela lauzpabost urte asmoa arroza jartzea zen, baina ez zen lortu ez zegoelako produkziorik; aurten arroza daukagu, eta txitxirioak ere bai», azaldu du Amundarainek.
Gizartearen kontsumo ohituretan eta ekoizpen moduetan aldaketak eragiteko, norbanakoaren erabakiak ezinbestekoak direla gehitu du: «Ezin dugu espero estatuek hartzea neurriak aldaketa hori egiteko; kilometro 0 planteamendu horrekin hango baserritarrei lana eman, lurraldea landuarazi eta produktu ezin hobeak lortzen dira Errigoratik, dendan baino merkeago».
Dinamizazio ekintzak
Udaberriko eta udazkeneko kanpainak ez ezik, Agerraldia izaten da urte osoan zehar Nafarroa erdialdeko eta hegoaldeko herri desberdinetan. Ekimena dinamizatzeko ekintzak izaten dira, Errigora bertatik sortutako talde batek antolatutakoak. Martxoaren 20an, adibidez, hezkuntza-formazio jardunaldiak egingo dituzte Tafallan ondo bidean.
Nafarroa erdialde eta hegoaldearen eta gainontzeko Euskal Herriko zonaldeen arteko harreman kultural, sozial eta ekonomikoa sendotzeko bidea da Errigora, auzolanean egiten dena. Oraindik eskaera egin ez duenak aukera izango du martxoaren 24ra arte olioa, arroza, pasta eta kontserbak erosteko, ekoizleek jarritako prezioan, Errigoraren webgunean edo ohiko dendetan. Herritarrak ekimenarekin bat egitera animatu dituzte: «Bertako produktu eta ekoizleekin, bitartekariak saihesten dira eta euskararen aldeko lana egiten da auzolanean; oso proiektu interesgarria eta polita da», agertu du Blanca Lopezek.