Berraktibatzeko garaia
BKLko hiru talde lehiara itzuliko dira asteburuan; beste bi taldek jokatzeari uko egin diote. Antzizargo zoru berritua estreinatuko dute. Zuzendaritzak pandemiaren eragina ere neurtu du
Amaitu da hutsartea eta BKLko gizonezkoen hiru talde gorenak lehiara itzuliko dira eta gainerakoak entrenatzen ari dira. «Kirol arloan ez dugu helburu zehatzik. Asmoa da ilusioa eta gogoa berpiztea», azpimarratu du klubeko zuzendaritzak. Urte zaila izan dela eta izaten ari dela gaineratu dute, eta motibazioari eustea ez dela erraza izan.
BKL Usurbe junior errendimenduko taldeak eta Arri BKL talde nagusiak etxean jokatuko dute. Etzi izango dira bi partidak, 16:00etan eta 18:00etan, hurrenez hurren. Ezingo da partidak ikustera joan. Twitch plataformaren bidez jarraitu beharko dira.
Antzizar kiroldegiko zoru berritua estreinatuko dute. Pandemiak eragindako geldialdia baliatu dute udan egin beharreko lanak aurreratzeko. Zoru zaharrak 35 urte zituen eta aldatzeko premia zuen. Oraingo parketa saskibaloian aritzeko «izugarri ona» dela esan dute arduradunek, eta lesioak gutxitzea espero dute. «Kluba osatzen duten guztiek pista berria ezagutzea nahi dugu, saskibaloiko pista bat zer den sentitzeko. Motibazio bat gehiago izatea nahi dugu». Udalari eskerrak eman dizkie egindako esfortzuagatik, eta La Sallerentzat eta Txindoki institutuarentzat ere esker oneko hitzak izan dituzte lanek iraun duten bitartean bertan entrenatzeko aukera eman dietelako.
Emakumezkoen junior eta senior taldeek uko egin diote liga jokatzeari. Entrenatzen ari dira baina nahiago izan dute beste herrietako jokalariekin ez nahastu. Erabakiak ez du kirol ikuspegitik eraginik izango, aurten ez delako jaitsierarik egongo. Fitxen dirua, ordea, galdutzat ematen dute: «Fitxak denboraldi hasieran egin behar ziren eta denei egitea erabaki genuen. Kostuaren zati handiena aseguruari dagokio, eta denok dakigu aseguruak nolakoak diren», arrazoitu dute.
«Ekonomia, gutxiengoa»
Pandemiak zuzenean eragin dio klubaren altxortegiari: kuotak ez kobratzea erabaki zuten dirua saskibaloian jokatzeko arazoa izan ez zedin; gainera, babesle txiki askok erori egin zaizkielako atsekabetu dira. Halere, klubak aurreko denboraldietatik zituen soberakinekin eta babesleen laguntzarekin denboraldia gaindituko dutela iragarri dute. «Ekonomia gutxiengoa da. Garrantzitsuena jokatzeko aukera izatea da. Estruktura ekonomikoki mantentzen da». Eskerrak eman dizkie Arri, Orkli, Landu, Indar, Lacunza, Orbinox, Irizar eta Aseplan babesleei.