Deituta zeuden herritarren erdiak baino gehiagok egin du proba
Zelai Amenabarro Legorretako alkateak nabarmendu duenez «ez dago COVID-19 foko zehatzik», eta baheketa masiboak «herriaren argazkia ikusteko balioko du»
Ia Legorreta erdia deitu dute COVID-19a atzemateko proba egitera. 40 eta 80 urte bitarteko 800 bizilaguni baino gehigori egin zaie deia, eta 1.400 inguru biztanle ditu udalerriak. Koronabirusa dela eta, EAEn egin den lehen baheketa da urtarriletik, eta koronabirusa udalerrian izaten ari den eraginari zor zaio; izan ere, 100.000 biztanleko 1.409,40 ko intzidentzia tasa erregistratu dute azken 14 egunetan, EAEko bataz besteko tasa baino sei aldiz gehiago. Hori horrela, alerta gorria aktibatu dute, eta herrian dauden 4 tabernetatik 3 itxita daude berrogealdia betetzen.
Udalaren deia
Azken aste eta egunetan ematen ari zen kasu positiboen gorakada ikusita, Legorretako Udaletik eskaera egin zioten Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari, baheketa masiboa egiteko. Kontua da, iragan astean 11 kasu atzeman zituztela, eta beste horrenbeste otsaileko azken astean. Aste honetan, atzoko txostenak kasu positibo bat gehitu zuen, herenegun beste 1 eta astelehenean ere bat.
Zelai Amenabarro Legorretako alkateak nabarmendu du «baheketa eskaera astelehen goizean egin, eta eguerdirako baiezko erantzuna jaso» zutela, eta horrekin «pozik» agertu da, «gure kezka zen bi aste hauetan positibo kasuak gora eta gora ari zirela egiten etenik gabe, eta hori nolabait eteteko, behar-beharrezkoa da herriaren argazkia ikustea». Espero du, «baheketa honekin egoera zein den ikustea, eta oraindik atzeman gabeko kasu horiek atzematea, baldin eta baldin badaude, eta gerora, ikusi zein neurri gehiago hartu ditzakegun». Baina oso aurrera egin gabe, momentuz baheketa egitea modu «oso positiboan» baloratzen du.
Osasun Sailak baheketa egitea onartu, eta COVID-19a atzemateko proba egiteko deia egin zieten herritarrei Legorretako Udaletik, non alkatea bera zuzendu zaien herritarrei. Astelehen arratsaldean izan zen hori: «Astearte eguerdirako proba egitera deituta zeuden 800 biztanleen erdiak txanda eskatuta zutela jakinarazi ziguten Osakidetzatik, eta esan ziguten, oso harrituta zeudela, orain arteko halako herri mailako baheketatan, deituta dauden %40-50 inguruk parte hartu izan dutelako normalean, eta Legorretan, goiz batean %50ak ordua hartuta zuen, esanguratsua omen da hori». Herritarrek mezua jaso bezain pronto erantzun dute eta «pozik» agertu da alkatea.
Legorretako kasuan, 40 eta 80 urteko herritarrei dei egin zaie, eta alkateak argitu duenez «hori erabakitzeko Osasun Sailak hartu duen irizpidea izan da, kutsatuak, hain juxtu, adin tarte horretakoak direla».
Baheketaren emaitzak jasotzen direnean, «ikusi beharko da komeni den gehiago egitea ala ez».
Harripileta kiroldegian bertan, Arantxa Urruzola Tolosaldeko ESIko erizainak ere berretsi zuen Amenabarrok esandakoa. Datuetara joz, arratsaldeko lehen orduan «468 herritar» zeuden PCR proba egiteko izena emanda, eta uste zuen «arratsaldea bukatu aurretik gehiago ere gerturatuko» zirela.
Fokoa ez da ezagutzen
Legorretan dauden 4 tabernetatik 3 itxita daude une honetan, baina alkateak esan du, komeni dela garbi uztea, ez dagoela daturik esateko taberna horietan fokorik dagoenik.
Amenabarrok, herriko hiru taberna horietan egoera nolakoa den azaldu du: «Aurreko astean bi itxi ziren, bakoitzean langile batek positibo eman zuelako, eta astelehenean itxi zen hirugarrena, hor ere, langile batek positibo eman zuelako». Gehitu du, azken kasu horretan behintzat «positibo eman duen pertsona, Legorretatik kanpoko positibo baten kontakto zuzena izan da, eta tabernan desinfekzio lanak egin ostean berriro irekitzeko moduan izango dira». Gaineratu duenez, «positibo batzuk badira taberna horietako bezero, baina beste asko ez, denetariko kasuak» daude, beraz, «baheketaren emaitzek zer esan zain» daudela. Zain beraz, herriko argazkia zehatzagoa izateko eta, «neurri zehatzagoak hartu behar diren erabakitzeko».
Urruzolak ere baieztatu du «foko zehatzik ez dagoela, eta hain juxtu, horregatik egiten da baheketa». Momentuz, beraz, atzoko baheketak zer esaten duen itxaron beharko da.
Atzoko datuak
Gainontzean, eta Osasun Sailak atzo argitaratutako txostenaren arabera, 20 kasu berri daude Goierrin. Beasaianen (8) eta Lazkaon (5) agertu dira positibo berririk gehienak. Ordizian eta Ormaiztegin bina kasu daude, eta bana Itsasondon, Legorretan eta Zegaman.
Iazko martxoan osasun krisia hasi zenetik, Goierrin 5.176 COVID-19 positibo kasu izan dira.