Ezohiko gustu berriak eskura
Lehen mihilu erraboilak eraman ditu Arantxa Zurutuzak azkeneko Ordiziako azokara. Bestalde, apio erraboilak eta aza mota ezberdinak azken urteetan sartzen ari diren barazki berrien artean.
Aspaldiko goiz hotzena bai atzo goizekoa ferian, 2-3 gradu eguzkia agertu artean. Izotza ere bai toki askotan. Loretan edo loratzeko zorian zeuden fruta arbolak nozituko zuten. «Aurten arantxamilorik ez», zioen Iñaki Intxausti zeraindarrak: «Patxarana freskoa ondo sartzen da baino elorriaren loreak ez du hotza gustuko». «Mertxika ere loretan zen, gerezia hasten baino orain kitto», zioen M.Jesus Oriak.
Produktuetan erreparatuz, mihilu erraboila ekarri zuen Arantxa Zurutuza aramarrak. «Ez da kantitate handitan saltzen, baina atera orduko saldu dut bat». Ez da gure plateretan ohikoa, anis gustua duen barazki hau, baina esku eskura izanda probatzea merezi du.
Bestalde, baratzeko lanei ekiteko prest da jendea, landare postuetan batez ere urteko tipula da gehien saltzen dena. Ilargiaren gora beherean erreparatuz ari denak, martxoko ilbehera dela hau aldatzeko garai aproposena dio; 13 arteko epea du.
Zainzuri sustraiak zituen Esther Illarramendik euroan bakoitza salgai. Hau nola aldatu eta zaindu Esther beraren gomendioak segitzea komeni da gero zainzuriak jatekotan. Hazitarako patata, berriz, Aguraingo Lacalleren postuan zuhaiztian eros daiteke eta Goierriko Nekazal kooperatiban ekologikoa.
Lore postuak ari dira betetzen baina oraindik, eta atzoko tenperatura ikusiz, itxoitea aholkatzen zuten lore saltzaileek edota babesean jartzeko aholkua eman. Lore moztuei dagokionez postu askotan kala sortak bazeuden 1,5-5 euro artean sorta. Ea izotzak kalte handirik ez dien eragin eta datozen astetan ere ekartzeko moduan jarraitzen duten.
Jon Etxeberria erlezainak, berriz, laster utziko dio etortzeari. Jakinik luzez ondo mantentzen diren gaiak direla, inork eztirik edota dituen gainerako produktuak propoleoa eta abar nahiko balitu, hurrengo astea balia dezala erosteko. Izan ere erleekin lanean hasi eta feriako saltze kontuak laster utziko baititu.