Oilategien errolda, gaitzaren aurka
Merkataritza-sarerako ez diren etxeetako oilategi eta haztegiek berri eman behar diete erakundeei, hegazti gripea deritzon 'Influenza' birusaren gaixotasuna ez zabaltzeko neurriak har ditzaten.
Urtearen hasieratik, Goierriko udalek deialdia zabaldu diete etxean oiloak eta hegaztiak hazten dituztenei, beren oilategien edo haztegien berri erakundeei eman diezaieten. Gipuzkoako Foru Aldundia halako ustiategien errolda egiten ari da, Influenza aviar deritzon gaixotasuna Europan zabaltzen ari dela ikusita, neurriak aurreikusteko.
Jaurlaritzak azaroan atera zuen prebentzio neurrien ebazpena. Orthomyxoviridae familiako A motako birus batek eragiten du Influenza hegazti gripea, oiloetan eta bestelako hegazti espezie batzuetan. Europan barrena indar ezberdinarekin, baina hedatzen ari da gaitza, eta Akitanian atzeman zuten iaz, baita Katalunian eta Espainian ere. Hegazti migratzaile basatien hegaldi garaiak une kritikoa dira, birusa erraz hedazten dutelako.
Hala, pasoko ehizerako zenbait arau eta debeku ezarri zituen jaurlaritzak, hegaztiak erakartzeko txoriak erabiltzea, adibidez.
Etxeetako oilategiak
Bestetik, etxe pribatuetako eta baserrietako oilategiei ere eragiten dieten arau gehiago badira. Hegaztiak aire librean haztea debekatu du jaurlaritzak, baina hori ezin denean, foru aldundiari jakinarazi behar zaio. Udalen bidez ari da errolda osatzen. Aldundiak baimendu behar du haztegia, eta kanpotik hegazti basatiak sartzea eragozteko sareak edo txori-oihalak kokatzea agindu dezake.
Libre dabiltzan hegaztiek erabil ditzaketen putzuetatik urik ezin zaie eman etxekoei, eta leku itxietan eduki behar dituzte ur ontziak. Ehizerako birpoblaketak egiteko ere ezin dira hegaztiak askatu, baimenik gabe.
Merkataritza-salmentara bideratuta ez dauden oilategien eta hegazti haztegien berri ere eman beharra dago, gaitz hori ekiditeko.
Udalek jakinarazi dute etxerako hazteko dauden oilategi asko ez daudela Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorrean erregistratuta, eta bilketaren hasita daude. Oilategiak dauzkatenek norbere herriko udalera eraman behar dute dokumentua beteta.
Komertzialak ez diren hegaztitegi ustiategien errolda izeneko agirian foru aldundiak ateratakoa da, ustiategiaren titularra, helbidea, telefonoa, dauzkan espezie motak, kopurua eta hazteko sistema adierazi behar ditu, oilategi itxia, irekia ala bietarikoa den zehaztuta