Badi: lehoien orrazi kuttunak
Datozen urteetan Kalebarreneko etxe eta pabiloiak bota egingo dira. Botako diren pabiloien artean Badi orrazi enpresarena dago. Badi markako orraziek izen handia zuten.
Zumarragak Kalebarren zaharberritzeko plana onartu zuen eta datozen urteetan bertako etxe gehienak eta pabiloi zahar guztiak bota egingo dituzte. Azken hauen artean, herriko enpresa mitiko baten pabiloiak daude: Badiola anai-arreben orrazi enpresarenak. Badi orraziak Estatu espainiar osoan oso ezagunak ziren eta El Corte Inglesen saltzen ziren, besteak beste. Zumarragako lantegia itxi egin zen, baina beste orrazi enpresa batek marka erosi zuen eta oraindik Badi markako orraziak egiten dira.
Badiola Hermanos enpresa 1914an eratu zen. Hasiera batean, Fructuoso eta Ignacio Badiola anaiek zumezko zursareak egiten zituzten. Ondoren, zumea ihiarengatik ordezkatu zuten. Bi anaiek erretiroa hartu zutenean, Fructuosoren seme-alabek hartu zuten erreleboa: Ramon, Angel, Gregorio, Nicolas, Romana, Hilario, Juan Jose eta Lazarok. Aitak guztiak egin zituen bazkide. Baita alaba ere, nahiz eta honek etxean lan egiten zuen.
Beraien bezero onenetako bat Madrileko Metroa izan zen. Izan ere, garai hartan trenetako eserlekuak ihizkoak izaten ziren. Zaragozako tranbiako eserlekuetako zursareak ere egin zituzten.
1936ko gerrak eta Bigarren Mundu Gerrak ihi eskasia ekarri zuten. Hori dela eta, Badiolatarrek Artiztarrei lekukoa hartzea erabaki zuten: Artiz enpresak orraziak egiteari utzi zion eta Badiolatarrek orraziak egitea erabaki zuten.
Artiz, aitzindaria
Artiz enpresak egurrezko orraziak egiten zituen. Badiolatarrek, berriz, animalien adarrak erabili zituzten hasiera batean. Ondoren, zeluloidea erabiltzen hasi ziren. Artisau lana zen, injekziozko makina bat ekarri zuten arte. Makina horrek plastiko polimeroekin lan egiten zuen. Makina horri esker produkzioa asko hazi zen eta enpresa ere bai. 1960ko hamarkadaren amaieran 113 langile izan zituen.
Badi markako orraziak Estatu espainiarreko txoko guztietan saltzen ziren. Baita Venezuelan ere. Bezero onenen artean, El Corte Ingles eta Galerias Preciados zeuden. Javier eta Coro Badiola familiako kideek Madrilen asko saltzen zutela oroitzen dute. «Saltzaile bat genuen bertan: Luis Ortiz de Urbina. Arabarra zen, baina Madrilen bizi zen. Lan asko egiten zuen guretzat. Buscatarren altzari fabrikarentzat ere lan egin zuen».
Hermanos Badiola enpresak oso katalogo zabala zuen. Luxuzko orraziak Badi markarekin saltzen zituzten eta arruntagoak Bambu markarekin. Prentsan iragartzen ziren. Iragarkietako batean haur bat ageri da lehoi bat orrazten. Lehoia lasai-lasai dago. Badi orraziak hain ziren bikainak, non lehoien tximak orrazteko eta lehoiak otzantzeko ere balio zuten.
Garai hartan pentsaezina zen orraztu gabe joatea eta mundu guztiak erabiltzen zituen orraziak. Baina jendeak hainbeste orrazi erosteari utzi zion eta, gainera, Badi orrazien fabrikazio sistema oso garestia zen. Hala, Badiolatarrek lantegia itxi zuten.
Baina Madrilgo Ramos sendiak marka erostea erabaki zuen, Badi orraziek ospea dutelako eta kalitatearen sinonimo direlako. Familia horren eskutik, oraindik El Corte Inglesen saltzen dira, besteak beste. Internet bidez ere erosi daitezke, careybadi.com webgunean.
Azkoitian ere salgai
Eta Azkoitiko burdindegi batean fabrika itxi zenean dendetara eraman gabe gelditu ziren orraziak eros daitezke. Aitor Esnal Badiolak, Fructuosoren birbilobak, sekulako ezustekoa hartu zuen burdindegi horretan sartu zenean. «Arandela batzuk erostera joan nintzen eta kaxa batean Badi markako orrazi pila bat ikusi nuen. Saltzaileari nondik atera zituen galdetu nion eta oso onak zirela esan zidan, bere aitak fabrikako langileei erosi zizkiela», aipatu du.
Fructuosoren birbilobak orrazi batzuk erosi zituen, noski. «Denak erostea eskaini zidan, baina modelo bakoitzeko gutxi batzuk erosi nituen eta bi koadro egin nituen: bata amonarentzat eta bestea niretzat. Ordutik, behin baino gehiagotan itzuli naiz. Azkeneko aldian 450 erosi nituen, lehengusu guztientzat».
Aitor, Jokin Aperribai Realeko lehendakariarentzat orrazirik utzi al zenuen? Bilboko lehoiei Badi markako orraziak oparitu nahi dizkie, Kopako finalean orrazten hasi eta lo hartuko duten esperantzan.