Biziraupeneko kontuak
Gaintzak ohiko udal aurrekontua izango du aurtengo, 229.000 eurokoa. Baina inbertsioetarako diru laguntzen iturria itxi izana nabarituko du. Arauak berritzeko prozesua eten behar izan du.
Gaintzako Udalak 229.340 euroko aurrekontua izango du 2021erako, udalbatzak otsaileko osoko bilkuran onartu ondoren. Kopuruz beste urteetakoen paretsu da, baina pandemiak eragindako ziurgabetasunak eta laguntza murrizketak asko eragingo diote Gaintzari, Gaizka Balerdi alkateak esan duenez.
Esku artean Hiri Antolamenduko Plan Orokorra berritzeko langintza dauka Gaintzako Udalak handienetakoa. Goragoko erakundeetatik letozkiokeen diru laguntzen baitan dago garapena, ordea, hein handian, eta izurrite garaian finantzazio banaketak aldatu direnez, kolokan geratu da aurrera egiteko bidea. «Arauak berritzeko lana geratuta daukagu. Iaz aurrekontu zati bat horra bideratuta geneukan, kontuan izanda laguntza jasotzeko aukera genuela eta ekonomikoki ondo geundela. Baina pandemiarekin, proiektu horrekin lotutako laguntza guztiak bertan behera geratu dira, eta kaxoian gorde behar izan dugu», gaineratu zuen atzo Balerdik.
Onartutako aurrekontuarekin, gastu arruntak eta egunerokotasuneko ohiko lanak ordaintzeko lain emango du, ez besterik. Gaintzarentzat, eta bere moduko herri txikientzat, beraz, egundoko eragina izaten ari da dagoeneko COVID-19 krisia.
«Bizirauteko» aldartean
Inbertsio, proiektu edo diru hornikuntza handia behar duten lanetarako aukerak moztuta, «biziraun» egin dezake Gaintzak. Hitz horrekin laburbildu du alkateak oraingo egoera: «Biziraun baino askoz gehiago egiteko aukerarik ez daukagu. Iazko egoera berezia oraindik badagoenez, geneuzkan asmoak bertan behera geratu ziren, eta ezin diegu berrekin. Egunean eguneko betebeharrak ase, eguneroko martxa eraman, eta ea zerbait berezia egiteko aukera dugun. Beste ezerezin dugu egin».
Udalak Finantzatzeko Foru Funtsetik %15 gutxiago jasoko du Gaintzak aurten. Herribideak eta baserri-bideak berritzeko foru laguntza ildoa kendu izana ere nabaritu dute. «Landa bideak berritzeko laguntzak bertan behera geratu ziren, eta guk interes handiena hor geneukan».
Horrez gain, kezka Zaldibiako bidegurutzetik Gaintzako herrigunera doan Gi-3372 errepideak sortzen die gaintzarrei. Oso hondatuta dago, gune batzuetan zulo handiekin eta lerradurak eragindako pitzadurekin. «Azken urteetan sarri eskatu diogu Gipuzkoako Foru Aldundiari konpontzeko, bere eskumenekoa baita errepidea. Konpromsioa hartu zuen, baina zain gaude. Egunetik egunera okerrago dago. Klimatologia eta orografia direnak dira hemen, eta benetan arriskutsu dago», dio alkateak.
Bien bitartean, egitekoen zerrenda osatu du udalak. Herriko eraikinak eta instalazioak txukuntzeko premian ikusi dituzte, baita denborak ajetutako tokien –frontoia, plazako adokinak…–mantenimendua ere.
Plan Orokorrerako herri ekarpenen aurkezpena, bihar
Hirigintza arauen lanketa hasteko eta osagarri, herritarrekin parte-hartze prozesua egin du Gaintzako Udalak. Farapi etxeak gidatu du, eta 40 bat gaintzarrek herrirako sumatzen dituzten kezkak, beharrak eta proposamenak hiru bileratan eman eta landu dituzte. Prozesuaren ondorioa bihar aurkeztuko dute Farapiko teknikariek, 11:00etan, pilotalekuan. Plan Orokorra teknikoki lantzeko modua duten arte, udalak ekarpena gordeko du.