Gotzon Garmendia ekonomialariak itxiko du 'Made in Goierri' zikloa
Gotzon Garmendia ekonomilariak bere Acercamiento a la figura de Martin Lopez de Isasi: empresario guipuzcoano moderno Martin Lopez de Isasiren figurara hurbilpena: ri gipuzkoar modernoa tesia sakonduko du gaur, 19:00etan, Igartzako Jauregian. Made in Goierri zikloko laugarren eta azken hitzaldia izango da. Tesia gaztelaniaz egin zuen arren, hitzaldia euskaraz izango da.
Garmendiak Lopez de Isasi ikuspuntu historiko-ekonomikotik aztertu du. Izan ere, eibartarrak askotariko materialak salerosten zituen: armak, burdina, itsasontziak, jakiak, baleak… bere kudeaketa teknikak berritzaileak izan ziren. «Euskal Herriko motor ekonomikoa martxan jarri zuen», borobildu du hizlariak.
Goierri gaur egun ingurune industrializatua izan arren, Garmendiak ez du Lopez de Isasiren eta eskualdearen arteko loturarik topatu. «Ez zen garaiko enpresari bakarra. Beharbada, Goierri bere eragin zonatik kanpo egongo zen», azaldu du.
Cum laude
Garmendiak aitortu du «txiripaz» egin zuela Lopez de Isasiren inguruko tesia. «XVI. mendeko balea arrantzaleen inguruko ikerketa bat egiten ari zen talde batek ekonomialari baten iritzia jaso nahi zutela esan zidan. Gaiak jakin-mina piztu zidan, baina aditua ez nintzenez, Montserrat Garaterengana jo nuen. Berak esan zidan ‘har ezazu nahi duzun denbora guztia. Nik tesi hori zuzendu egin nahi dut’. ‘Baino nire ideia ez zen tesi bat egitea’, erantzun nion. ‘Baino nirea bai’, esan zidan». Emaitza ezin hobea izan da: Las Palmaseko unibertsitateak cum laude kalifikazioa eman zion, mailarik gorenena. «Ekonomialaria izanda zenbakiei zukua ateratzeko aukera izan dut. Gainera, ikerketa egiterakoan aske sentitu naiz. Hortik dator arrakasta». Orain bere tesia jendaurrean aurkezteko aukera du, etxean. «Ikaragarri pozik nago. Ez nuen uste horren pozik egongo nintzenik».













