Barrikotearen faltan, errekreazio antzeztua
'Emakume sagardogileak ahoz aho' errekreazio antzeztua egin du Amaia Ruiz de Galarretak Igartubeiti baserriaren atarian
Ezkioko Igartubeiti baserriko Ixabelen rola hartuta, XVI., XVII. eta XVIII. mendeko lau emakume sagardogileren bizitzako pasarteak gogoratuz Emakume sagardogileak ahoz aho errekreazio antzeztua egin du gaur arratsaldean Amaia Ruiz de Galarreta tolosar antzezleak. Martxoaren 8aren jiran antolatutako programazio bereziaren ekintza izan da.
Maria Labayen, Maria de Etxebarria, Ana de Beroiz y Fagola eta Maria Josefa de Orobio emakumeek sagardoarekin izan zuten loturaz aritu da antzezlea, eta harritzeko moduko istorioak kontatu ditu. Bukaeran, iazko urrian Igartubeitiko dolare zaharrean egindako sagardoa eman die dastatzeko antzezpenera hurbildu direnei.
Gaurko egunez barrikotea egiten dute Igartubeitin, baina COVID-19ak eragindako osasun krisia dela eta ez dute halakorik egin, eta horren ordainetan egindako saioa izan da Ruiz de Galarretarena.
Datorren astearteko Goierriko Hitzaren papereko edizioan argitaratuko dira lau emakumezko sagardogile horien bizipenak.