Ehunka esne litro Lesboseko errefuxiatuentzat
Ordizian, Beasainen, Legazpin eta Urretxun esne bilketa egin dute gaur, Zaporeak elkarteak egindako deialdiarekin bat eginez.
Kara Tepen, Greziako Lesbos uharteko errefuxiatuen kanpamenduan, janari banaketa osagarria egin ahal izateko iraungitze data luzeko behi esne osoa biltzeko deialdia egina zuen gaurko Zaporeak elkarteak. Bildutako esnearekin eta han erositako frutarekin 7.200 laguni oinarrizko elikagaiak bideratzea da egitasmo honen funtsa.
Goierrin lau herritan egin dituzte esne bilketak. Beasaingo Bideluze plazan, Ordiziako udaletxeko arkupeetan eta Eroskin, Legazpiko Azokan eta Urretxuko Gernikako Arbola plazan. Goierritarren erantzuna bikaina izan da. Beasainen, esaterako, bi orduan 500 litro bilduak zituzten eta Ordiziako arkupeetako postuan 400 inguru. Ordiziako Eroskin 19:00ak arte egongo da esnea uzteko aukera.