Kattalin Iriondo eta Aimar Alarcia garaile 39. Usurbe txirrindulari proban
Gari Ugartek (Zatika) eta Unax Urteagak (Bolintxo) osatu dute podiuma mutiletan. Lehen herritarra Ander Gonzalez (Caja Rural-Ikolan-Beasain) izan da.
Kattalin Iriondo (Zuka Limousin) eta Aimar Alarcia (Donosti Berri) izan dira garaile gaur goizean Beasainen jokatu den 39. Usurbe txirrindulari proban. Loinaz txirrindulari elkarteak antolatutako probak ireki du Goierriko txirrindularitza denboraldia kadete mailako proba honekin. Lasterketa hasi aurretik Gari Bañosen omenez minutu bateko isilunea gorde dute txirrindulariak. Movistar taldeko emakumezkoen masajista zen oñatiarra.
Txirrindulariek 51 kilometroko ibilbidea osatu dute. N-1 errepide zaharretik Alegiara, handik Amezketara, atzera Alegiara joan dira, Beasaingo Nafarroako Etorbidera itzuli aurretik. Handik Olaberriko gaina igo dute, eta Lazkaotik barrena helmugara. Lau lagun iritsi dira ihes eginda, eta esprintean bukatu da proba. Lauretan azkarrena Aimar Alarcia (Donosti Berri) izan da, bigarren Gari Ugarte sailkatu da (Zatika) eta hirugarren Unax Urteaga (Bolintxo).
Laugarren postuarekin etsi behar izan du Caja Rural-Ikolan-Beasaingo Jokin Askarai –mendiko saria irabazi du-. Lehen herritarra Ander Gonzalez izan da (Caja Rural-Ikolan-Beasain). 39 kilometro orduko batez bestekoa eginda iritsi dira helmugara lehen lau sailkatuak.
SAILKAPENAK
Mutilen sailkapena
- Aimar Alarcia (Donosti Berri)………1:18:26
- Gari Ugarte (Zatika)……………………… d.b.
- Unax Errasti (Bolintxo)………………….. d.b.
- Jokin Askarai (Caja Rural-Ikolan)…… d.b.
- Mattin Salegi (Vive)………………………… d.b.
Nesketan irabazlea
- Kattalin Iriondo (Zuka Limousin)
Mendiko irabazlea
- Jokin Askarai (Caja Rural-Ikolan-Beasain)
Tarteko helmugen irabazlea
- Tasio Senperena (Donosti Berri)
Taldekako irabazlea
- Andoaingo Txirrindularitza Eskola