Artzain Eskolako diploma jaso du Xabier Mariñelarena idiazabaldarrak
Arantzazuko Eskolak 13 artzain berri diplomatu ditu artzaintza bizirik mantentzeko helburuarekin
Arantzazuko Artzain Eskolak hamahiru artzain diplomatu zituen pasa den ostiralean. Artzaintza bizirik mantentzeko eta ardi latxari eusteko helburuarekin egindako ekitaldi honetan, diplomak eta makilak banatu zizkieten ikasketak aurten amaitu dituzten hamahiru gazteei.
Arantzazuko Eskolak urtero eskainitako formakuntza teoriko zein praktiko hauei esker, euren etorkizun profesionala ardi eta ahuntz-sektoreetan gauzatzeko aukera izaten dute Euskadiko gazteek. Dagoeneko 297 dira eskola honetatik atera diren artzainak eta horien artean aurkitzen da Xabier Mariñelarena idiazabaldarra.
Idiazabalgo Udalak sare sozialen bidez zorionak eman dizkio artzain gazteari egindako lana goraipatuz, Idiazabalgo herriarentzako «horren garrantzitsua den artzaintzak eta gaztak» etorkizuna izango duela ziurtatuz.













