Kaixomaitia lehiaketako bigarren saria lortu du Irati Goikoetxeak
Kontaketa Erotikoen lehiaketan bigarren saria jaso du idazle beasaindarrak “Gizarte Egitura” izeneko testuarengatik. Hirugarren saria, Joxemari Urteaga lazkaotarrarentzat izan da.
Kaixomaitia.eus atariak eta Elkar argitaletxeak antolatutako Kontaketa Erotikoen lehenen lehiaketaren sariak banatu dituzte asteburuan, Donostian. 2020ko azaroan hasi zen lehiaketa honetan, guztira 83 izan dira parte hartu duten idazleak, eta horietatik 8 aukeratu zituen Dorleta Kortazar Ipuin kontalariak, Antxiñe Mendizabal editore eta idazleak eta Iñigo Arandia kaixomaitia.eus-eko arduradunak osatutako epaimahaiak.
Goierritarrak ere izan dira sarituen artean. Irati Goikoetxea beasaindarrak bigarren saria jaso du, “Gizarte Egitura” izeneko testuarengatik. Idazle beasaindarrak 500€ko sari ekonomikoa, Elkar opari txartela (100€) eta liburu sorta bat jaso ditu. Hirugarren saria, berriz, Joxemari Urteaga lazkaotarrarentzat izan da.
Zortzi finalisten testuak dagoeneko irakurgai daude kaixomaitia.eus en blogean; gainerako testuak, urtean zehar publikatuko dituzte blog berean, horietako batzuk podcast moduan lokutatu eta editatuta.