Alarma Moreak bi sari lortu ditu Durangoko musika feminista lehiaketan
Finala larunbatean izan zen eta talde onenari saria eta ikusleena lortu dituzte. 700 euro eskuratu dituzte. Dirua materiala erosteko eta abestiak grabatzeko erabiliko dute
Alarma Morea Urretxuko eta Zumarragako taldeak bi sari irabazi ditu Durangoko musika feminista lehiaketan: talde onenari dagokiona eta ikusleena. Finala larunbatean izan zen Sanagustin kulturgunean. Urretxuko eta Zumarragako artistak ez ziren bakarrik egon, antolatzaileek 20 lagun eta senitarteko eramateko baimena eman baitzieten.
??Urretxuko eta Zumarragako neska talde honek Ez beti da ez abestia defendatu zuen. Gainontzeko sarituak Kattalin Zubizarreta (bakarlarien artean, bertsio onena), Maider Legarreta (bakarlarien artean, jatorrizko abesti onena) eta Amaia Santamaria (30 urtetik gorakoen artean onena) izan dira.
Alarma Morea taldeko kideek 700 euro eskuratu dituzte: 500 talde onena izateagatik eta 200 publikoaren gustukoena izateagatik. Diru hori materiala erosteko eta abestiak grabatzeko erabiliko dute.
Dagoeneko bi kanta grabatu dituzte: Ez beti da ez eta Azala. Lehen kanta 2019ko Zumarragako jaietako kanta izan zen: udalak jarrera sexisten aurkako mezua hedatzeko erabili zuen. 30.000 ikustaldi baino gehiago izan ditu.
Hirugarren abestia hilaren 31n grabatuko dute Donostiako Muir estudioan. Bere izenburua Udaberrian da. Bideoklipa Udane Arbeok egin behar du.
Etorkizunari begira, beraien helburua diskoa grabatzea da. Horretarako diru asko behar da, ordea. Hori dela eta, merchandising produktuak kaleratzeko asmoa dute.
Alarma Morea taldea Ainhoa eta Uxue Plagaro ahizpek eta Nerea Dualek osatzen dute. Oso gazteak dira, hiruek 20 urte inguru dituzte, eta autodidaktak dira.
Taldearen sorrera
Taldea Plagaro ahizpek sortu zuten. Oso musikazaleak dira eta elkarrekin jotzen hasi ziren. Ondoren, perkusionista bat behar zutela ikusi zuten. Dual taldeak izan duen bigarren perkusionista da. Denetik jotzen dute: erromeria kantak, pop baladak, rock kantak… baina, batez ere, runba jotzen dute.
Dena den, talde honen ezaugarri nagusia emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren aldeko lana da. Beraien abestien hitzetan berdintasuna aldarrikatzen dute eta emakumezkoez osatutako taldeen kanten bertsioak egiten dituzte.