Askatasun eremuen konkistan
'Mujeres de ojos grandes' antzezlana estreinatuko du Urrup antzerki taldeak, bihar, asteazkena, Herri Antzokian. Balio tradizionaltan hezi diren zortzi emakumeren bizipenak dakartza obrak.
Martxoaren 8a pasa berritan estreinatuko du, Urrup Antzerki Taldeak, bere obra berria. Angeles Mastretta mexikarraren Mujeres de ojos grandes lanean oinarritutako antzezlana da. Eta beste behin, Kimetzen Emakumeen Elkarteak antolatu du saioa, Ordiziako Udalaren laguntzarekin. Bihar, asteazkena egingo dute estreinua, Ordiziako Herri Antzokian, 19:00etan. Doako emankizuna izango da, baina leihatilan gonbidapena hartu beharko da aurretik.
Mujeres de ojos grandes antzezlanean, «balio tradizionalak dituen gizarte batean ezkontzarako eta familiarako hezitako zortzi emakume» aurkezten ditu Urrupek. Hala ere, guztiek asmatuko dute beren askatasun-eremua konkistatzeko, sentitzen duten bezala bizitzeko, aukeratzen dutena maitatzeko eta nahi duten bezala hiltzeko modua aurkitzen. «Emakume arruntak dira, baina, aldi berean, ausartak eta errebeldeak, etxeko intimitatetik eskemak apurtzera ausartzen direnak. Batzuetan huts egiten dute, beste batzuetan asmatu egiten dute, baina beti hartzen dute beren bizitzaren agintea», aurreratu du Rosa Rojo Urrupeko zuzendariak.
«Marianak plazerak eragiten dion erruduntasunaren aurka borrokatzen du, Valeriak asperdura bizirauteko fantasia egiten du, Rebecak hiltzeari uko egiten dio, Pilarrek eta Martak ez lukete beren adiskidetasuna ezergatik aldatuko, Daniela sakonetik berpizten da, Chila ez da bat bera ere pasatuko eta Josek begi handiko emakume guzti-guztiei emango die eskua».
Rojoren zuzendaritzapean, Garazi Otegi, Marivi Lopez, Marisol Cavero eta Ana Martinez igoko dira oholtzara. Maider Unanuek egingo ditu teknikari lanak eta Imanol Juanesek eszenografo gisa.
Antzezlanean antzezten dituzten emakumeek bezala, haizearen eta marearen aurka aritu behar izan dute Urrupekoek obra prestatzeko: «Erronka handia izan da. Osasun krisiagatik entseguak egiteko zailtasun handiak izan ditugulako». Oztopoak oztopo, herri antzokiko argiak piztu, teloia ireki, eta emakume begi handiekin gozatu eta agertoki bat berriro zapaltzeko ametsa egia bihurtuko dute.