Drama erromantikoa, zineklubean
'Fa yeung nin wa (In the Mood for Love)' filma eskainiko du Goieniz zineklubak etziko saioan. 19:00etan izango da, Usurbe Antzokian
Fa yeung nin wa (In the Mood for Love) –gaztelaniaz, deseando amar filma eskainiko du Goieniz zineklubak etzi. 19:00etan izango da saioa, Usurbe antzokian.
1962. urtean Hong Kong-en kokatutako drama erromantikoa da. Chow, tokiko egunkari bateko erredaktore burua, bere emaztearekin Shanghaiko egoiliarrak bizi diren eraikin batera joango da bizitzera. Bertan, Li-zhen ezagutuko du, eraikin berean bere senarrarekin bizitzen jarri berri den neska gaztea. Bera esportazio enpresa bateko idazkaria da eta bere senarra negozio bidaian dabil etengabe. Chowren emaztea ere ia beti etxetik kanpo dagoenez, Li-zhenek eta Chowk gero eta denbora gehiago ematen dute elkarrekin eta oso lagun egiten dira. Egun batean, biek ustekabeko zerbait aurkituko dute beren bikotekideei buruz.
2000. urtean kaleratutako lana da. Oso kritika onak jaso zituen bere garaian: besteak beste, Canneko jaialdian bi sari lortu zituen, aktore onenarena eta sari teknikoa. BAFTA saria ere jaso zuen, ingelesezkoa ez den film onenarena.
Goieniz zineklubak 2001. urtean bota zuen jada. Halere, martxoan zehar emakumeen inguruko filmak ari dira eskaintzen eta berriz pantaila handira ekartzea erabaki dute.