I. Berdintasun Planaren zirriborroa aurkeztuko dute gaur, 18:00etan
Idiazabalgo Udalak eta Elhuyar Aholkularitzak elkarlanean garatu duten Idiazabalgo Berdintasun Diagnostikoa eta I. Berdintasun planaren zirriborroa aurkeztuko dute gaur, 18:00etan, udaletxeko areto nagusian. 2020ko irailean ekin zioten Diagnostikoa egiteari, herriko emakumeen eta gizonen berdintasun maila aztertu eta ondoren I. Berdintasun plana egiteko.
Berdintasun zinegotziak, berdintasun teknikariak, komunitate teknikariak eta Elhuyar aholkularitzako langileak osatutako talde moreak prozesuaren etengabeko jarraipena egin du, eta datu kuantitatibo zein kualitatiboak jaso dituzte diagnostikoa osatzeko. Gaur horren emaitzak eman eta horiekin osatutako planaren zirriborroa aurkeztuko dute.
Lilaldiko azken ekintzak
Idiazabalgo Udalak Lilaldia izeneko Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruko egitarau bateratua osatu zuen martxorako. Aste honetan eta datorren astean izango dira azkeneko ekintzak. Larunbatean, martxoak 20, Luze eta motz bakarrizketak izango dira entzungai eskolako karpan, 18:00etan, eta martxoaren 25ean, Askotariko ahotsak: emakumeen estrategiak memoria eta justiziaren alde Guatemalan dokumentala eskainiko du Aizan talde feministak udaletxeko areto nagusian, 18:00etan.