Idiazabalen kaleko katuen kontrol etikorako programa aurkeztu dute
Udalak eta Katuzaleen Elkarteak elkarlanean abiatu dute ekimena. Haurreskola atzealdeko sagastian katuentzako eremu bat egokitu dute janaria emateko. Koloniak kontrolatu nahi dira
Idiazabalgo Udalak eta Idiazabalgo Katuzaleen Elkarteak elkarlanean, kaleko katuen kontrol etikorako programa jarri dute martxan. Idiazabalgo kaleetan dabiltzan katuen koloniak kontrolpean izatea da helburua, eta horretarako eremu bat egokitu dute haurreskola atzealdean dagoen sagastian, bertan janaria emateko.
Maider Lakarra Katuzaleen Elkarteko kideak azaldu duenez, katu asko ibiltzen ziren kaleetan, eta bizilagunek jana ematen zieten, baina desadostasunak eragiten zituen horrek: «Azkenean danori ez zaigu ondo iruditzen eta baimena eskatu genuen eremua aparte jartzeko, katuek kaleetan jarraituko dutelako». Katuzaleen elkarteko kideak arduratuko dira jana emateaz eta eremu berri horretara eramandako ontziak kentzeaz, hondakin plastikorik ez uzteko: «Pentsua ere lehorra da; usteldu egingo den edo beste animalia batzuk erakarriko dituen pentsurik ez dugu jartzen».
Programaren helburu nagusia koloniak kontrolatu eta garbitasuna lortzea izango da, eta jana emateaz gain, katuak antzutuko dituzte: «Geroz eta katu gutxiago baina ondo janda badaude, osasun aldetik ere arazo gutxiago izango dituzte».
Gaueko zarata
Etxe inguruetan ibiltzen direnez, hainbat gautan marraka hotsak entzuten zirela azaldu du Lakarrak: «Emea arreske zegoenean zarata asko egoten zen, eta hori antzuketarekin ere ekidingo dugu». Iñaki Alberdi alkateak azaldu du bizilagunek proposatu zutela programa martxan jartzea: «Metodoa jartzea posible zela esplikatu ziguten eta segituan jarri ginen ados». Horrela, Goierri mailako Lau Katu elkartearekin jarri zen udala harremanetan, nola izan zitekeen erabakitzeko.
Egokitutako txokoaren bidez, kaleko katuak libre ibiliko dira eta jarraipena egingo zaie kontrolpean egon daitezen. Herritar talde batek janaria eman eta etxola txukun mantentzeko konpromisoa hartu duenez , garbitasuna bermatuko dute. «Alde batetik herriaren alde egiteko izango da, eta bestetik, katuen alde egiteko», esan du Alberdik.