Itxialdiak eragindako kalteak estaltzeko laguntza eskatu daitezke
3.000 euroko laguntza jasoko du negozio bakoitzak gehienez ere. Maiatzaren 30a baino lehenago egin behar dira eskariak
Itxita egon den denboraren eta langileen arabera jasoko dira laguntzak. 3.000 eurora arteko laguntzak izango dira. Horretarako aukera izateko, ostalaritza jarduera Beasaingo udalerriko lokaletan burutu behar da; ekonomia jardueren gaineko zergan Beasainen alta emanda egon behar da abenduaren 15a baino lehen; Udal eta Foru Ogasunekin ezin da zorretan egon; eta jarduerak gutxienez apirilaren 22ra arte irekita egon behar du Beasain eremu gorritik irten zenetik. Hau da, Beasain abenduaren 14an sartu zen eremu gorrian, ostalaritzak irekitzeko baimena jaso eta asteburu bakarrera. Sei aste egin zituen hala, urtarrilaren 21era arte. Hilabete eta erdi denez, hilabete osoari ez dagokion zatia era proportzionalean ordainduko da.
Dirulaguntzen kalkulua egiteko langileen guztizko zenbatekoak hartuko dira kontuan, autonomoak eta soldatapekoak. Jardunaldi osoa lan egiten duten langileak langile oso bat bezala konputatuko du. Lan jardun partziala daukatenen kasuan, lan jardunaren frakzioaren arabera.
Langile kopurua | Zenbatekoa (eurotan) |
1-3 | 1.000 |
4-6 | 1.200 |
7 edo gehiago | 1.400 |
Eskariei Alkateak emango die oniritzia, ematekotan. eman eta handik hilabete batera kobratuko dira. Udalak 150.000 euroko partida onartu du.
Bateragarria
Oinarri hauetan zehaztutako dirulaguntzak osagarriak izango dira beste erakundeek emandako laguntzekin. Esaterako, udalak neguan terrazak babesteko eta zerbitzua establezimendutik kanpo emateko laguntzak oraindik eskatu daitezke. Dena dela, ohartarazi dute Eusko Jaurlaritzak helburu berdinerako dirulaguntzak aterako balitu, dirulaguntza horiekin ez dirala bateragarriak izango.