Kapitain hormako eskaladarekin hasiko da Mendi Astea Lazkaon
Idoia Rubial zumarragarrak eta Maite Zumarragak 2018ko igoera erakutsiko dute. Lau emanaldi eta argazki erakusketa antolatu ditu Amalur elkarteak, gaurtik
Lazkaoko Amalur mendi elkarteak II. Mendi Astea antolatu du. Mendizaletasuna herritarrei hurbilarazi, eta diziplina, mendizale nahiz leku ugari erakusteko aukera izango da. Areria antzokian lau dokumental, eta kultur etxeko aretoan argazki erakusketa prestatu dituzte.
Idoia Rubial zumarragarrak eta Maite Zumarraga lankideak 2018an Yosemite parke naturalean (Kalifornia, AEB) igaro zuten hiru hilabeteko egonaldia kontatuz hasiko da Mendi Astea, gaur. Kapitain haitzeko The Nose (Sudurra) bidea eskalatu zuten, eta Egun on, Capitan dokumentalean bildu zuten esperientzia, gaur Lazkaon emango dutena.
Eskalatzaileentzat ikurra da 1.000 metro altuko Kapitaina hormatzarra. Hura igotako lehen emakume euskal herritarrak dira Rubial eta Zumarraga.
Yosemitetik Pirinioetara jauzi egingo dute, bihar. Carlos eta Emma Oiartzabal anai-arrebek ezkutuko Ordesa ekarriko dute: fauna, flora, basoak, eguraldia… kalitate goreneko bideoan.
Emankizuna laburra denez, Imanol Lasa lazkaotarrak eta Amalurreko antolatzaileak Ordesako gailurren argazki-muntaiarekin osatuko du.
Hirugarren saiorako, etzi, euskal mendigoizaletasunaren izen handietako bat den Juanjo San Sebastian bilbotarra gonbidatuko dute Areriara. El viaje emango du, Himalayako eta munduan zeharreko kirol bizitzaz.
Parapentelarien begietatik
Mendi Asteari bukaera emateko, bi goierritar parapentelarik hegaldietako irudiak aurkeztuko dituzte, ostiralean. Imanol Urrestarazu lazkaotarrak gertuko mendi gailurretatik egindako hegaldien irudiak emango ditu. Joxe Ramon Agirre Marron ataundarrak, berriz, Pirinioetako, Himalayako eta munduko beste mendikate batzuetako hegaldietakoak.
Dokumental emanaldi guztietan egileak Arerian bertan izango dira, ikusleekin iritziak partekatzeko. Ikuskariekin batera, argazki erakusketa atondu du Amalur elkarteko Carlos Iraetak. Irteeretan ateratako argazkiak kultur etxeko aretoan jarri dituzte, aste osorako. Iaz pertsonengan eta taldeengan jarri bazuen ikuspuntua, aurten paisaiak izango dira ikusgai, gehien bat.
Amalur elkartea iazko martxoaren aurrenetik mendi irteerarik egin gabe dago, pandemiagatik. Lokizera (Nafarroa) joan ziren orduan. Orain ere egoera gorri dago, baina emanaldietara joateko animatu du Amalurrek.
LAZKAOKO II. MENDI ASTEA
· Gaur. ‘Egun on Capitan’. Idoia Rubial eta Maite Zumarraga.
· Bihar. ‘Ordesa invisible’. Carloseta Emma Oiartzabal.
· Osteguna. ‘El viaje’. Juanjo San Sebastian.
· Ostirala. ‘Oinez eta hegan’. Imanol Urrestarazu + Ramon Agirre.
· Tokia eta ordua. Emanaldi guztiak Areria antzokian eta 19:15ean hasita dira. Egileak bertan izango dira. Sarrera doan da.ARGAZKI ERAKUSKETA
· Amalur. Carlos Iraetak irteeretan ateratako paisaia-argazkiak. Kultur etxean, aste osoan.