Lokal hutsak, merkataritzara
Alokatzeko eta erosteko laguntzak daude. Eskualdatzen diren negozioek ere eska ditzakete
Lokal hutsak merkataritza jardueretara bideratzeko laguntzen bigarren txanda hasi da. Udalak merkataritza sektorea “biziberritu” nahi du neurri honekin. 10.000 euroko partida prestatu dute. Laguntzak, gehienez, 2.000 eurokoak izango dira salerosketen kasuan eta 300 edo 200 eurokoak hilean alokairuarenean.
Beasainen merkataritza-jardueraren bat abiatzeko interesa duten pertsona fisiko edo juridiko guztiei zuzendurik dago deialdia, edonon bizi direla ere. Eskaerak egiteko epea urriaren 30ean amaituko da. Aurkeztu beharreko agiriak hauek dira: eskaera inprimakia; pertsona fisikoek, NANaren kopia; pertsona juridikoek, IFKren kopia, legezko ordezkariaren NANa eta ordezkatzeko ahalmena duela ziurtatzen duen agiria; zerga betebeharrak egunean dituela jasotzen duen erantzukizun adierazpena; diru laguntzen onuradun izateko debeku egoeretan ez egotearen erantzukizun adierazpena; alokairuaren kontratuaren kopia edo salerosketaren eskritura publikoa diru-laguntza eskatzen den egunean erregistratutako erregistroaren informazioko ohar sinplearekin batera; jarduera ekonomikoen gaineko zergaren altaren kopia; proiektuaren azalpen txostena. Bertan puntu jorratu beharko dira, besteak beste, zein izango den burutuko den jarduera, merkatua, bezeroak eta hornitzaileak, helburuak…; komunikazio orokor finkoak eta iraunkorrak, gutxienez, euskaraz egongo direla ziurtatzen duen dokumentazioa; eta Berriz Enpresa programari atxiki bazaio, horren egiaztagiria. Igunearen edo udalaren erregistro elektronikoaren bidez helarazi behar dira dokumentu guztiak.
Oraindik martxan dagoen negozioa eskualdatzeko diru laguntzak Eusko Jaurlaritzaren Berriz Enpresa programaren baitan egingo da. “Enpesen transmisioak lagundu eta merkataritzako eremuak erakargarrieta atseginagoak egiteko” proiektua da. Halaber, lokala eskualdatzean eta negozio ildoa aldatu nahi bada, txikizkako merkataritza, pertsonei zuzendutako enpresak eta merkataritza aldetik udalerria suspertzen lagunduko duten bestelako proiektuak izan beharko dira.
Jose Migel Iturriotz kaleak, lehentasuna
Jose Migel Iturriotz kalean lokal hutsen kopurua beste eremuetan baino handiagoa denez, bertan gauzatuko diren proiektuek lehentasuna izango dute. Halere, herri osora zabaldutako laguntza da. Originaltasuna eta berrikuntza eta sortuko diren lanpostuak ere baloratuko dira eskaerek diru kopurua gaindituz gero nori eman ebazteko. Kultura, euskara eta merkataritza azpisailari dagokio oinarri hauetan aurreikusten diren laguntzak kudeatzea. Saileko teknikariak arduratuko dira aurkeztutako eskabideak aztertzeaz eta ebaluatzeaz.
Laguntza hauek iaz jarri ziren martxan. Lau eskaera jaso ziren eta 9.500 euro banatu ziren guztira.