Saltokietan euskararen presentzia bermatzeko, laguntzak
450 eurora arteko laguntzak emango dira webgunea euskaratzeko. Irudi korporatiboak eta kartelak euskaratzeko laguntzak ere izango dira
Beasaingo paisaia linguistikoa euskaratzeko udalak 2.000 euroko partida prestatu du. Webguneak, irudi korporatiboak eta kartelak egokituko dituzte diru horrekin. Laguntzak jasotzeko bete beharreko baldintza orokorrak hauek dira: jarduera Beasaingo udalerriko lokaletan burutzea; testua euskaraz zuzen idatzita egotea. Horretarako komenigarria da aldez aurretik Hizkuntza Politika sailean kontsulta egitea; eta Udal eta Foru Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzarekin zorrik ez izatea. Gero, diru laguntza erabiliko den esparruaren arabera, beste baldintza batzuk daude. Errotuluak eta irudi korporatiboak euskaratzeko bada, testua euskaraz bakarrik egon beharko da eta ez da onartuko pertsonaren izen eta deiturak bakarrik edukitzea. Aldiz, webgunea euskaratzeko bada laguntza, Beasainen izan beharko da helbide fiskala eta ataria euskaraz bakarrik idatzita egon beharko da. Hori ez bada kasua, euskarak gainerako hizkuntzen presentzia bera izan beharko du eta lehentasunez sarreran euskarazko hautapena egina egon behar du.
Errotuluen kasuan, diru laguntzak kostuaren %50a estaliko dute, gehienez ere 240 euro; Irudi korporatiboen kasuan, testua euskara hutsez jarriz gero, kostuaren %50 ordainduko du Udalak eta diru laguntza gehienez ere 180 eurokoa izango da; Web-orria euskara hutsez eginez gero, kostuaren %50 izango da diru laguntza, eta gehienez ere 450 euro. Web-gunea euskaraz eta beste hizkuntza batean edo batzuetan badago, kostuaren %40koa izango da diru laguntza. Gehienez ere 360 euro.
Eskaerak urriaren 1a arte aurkeztu daitezke. Onuradunak bere jarduera ekonomikoa Beasaingo udalerrian dauden lokaletan egiten dutenak izango dira. Eskaera orria aurkeztu behar dute Igunean edo udalaren erregistro elektronikoan. Euskaratu nahi den produktuaren lagina ere aurkeztu beharko da, argazki edo helbide bidez.