Udalak terrazen inguruko azterketa egingo du
Ostalariei laguntzeko malgutu egin ziren neurriak eta hainbat arazo sortu dira. Urte amaierarako ordenantza berria onartua izatea da asmoa
Beasaingo Udalak terrazen inguruko azterketa “sakona” egingo du datozen egunetan. Ostalari bakoitzari terrazetako mahaien kopuru eta kokapen eguneratua helaraziko zaio. Erabakia behin behinekoa izango da. Izan ere, 2022rako aulkiak eta mahaiak herri-bidean jartzea arautzen duen ordenantza eguneratu eta onartuta edukitzea da helburua. Egungoa “zaharkitua” gelditu dela diote udaletik eta egungo baldintzetara egokitzeko premia duela.
Udalak terrazen eta espazio publikoaren arteko “oreka” aurkitu nahi du. Pandemia geldiarazteko prebentzio neurriek bezeroen artean metro eta erdiko distantzia egotea eskatzen dute. Negozioa ez dadin kaltetu, ostalariei dagokiena baino eremu handiagoa hartzen utzi zien udalak, tasa-oinarri berarekin. Baina erabakiak “hainbat kasutan” arazoak sortu ditu. “Gauzak horrela, ostalaritza negozio bakoitzaren kasua aztertuta malgutasunez eta zentzuz egoera honetara egokitutako planteamendua aurkeztuko diete Udalak negozioetako arduradunei, kontutan hartuz herritarrek espazio publikoa, herri-bideak, espaloiak eta pasabideak beharrezkoa den neurriekin duten erabiltzeko eskubidea”.
Udalak proposatutakoa baino mahai gehiago nahi baditu ostalariak, berak egin beharko du proposamena. Udalak aztertzeko konpromisoa hartzen du. Kasu hauetan, zerk onartzen diren mahai kopuru berriarekin bat eguneratuko dira.