«Artzaintza ogibide bat izan daiteke ondo lan eginez gero»
Arantzazuko Artzain Eskolako diploma jaso berri du Xabier Mariñelarenak (Idiazabal, 1992). Gaztenek programaren bidez bere proiektu pertsonala landuko du, ondo bidean udazkenean aurkezteko.
Artzain Eskolako diploma jaso duzu. Zer moduzko esperientzia izan da?
900 orduko kurtsoa izan da eta gauza desberdinak ikasi ditugu: artaldea manejatzeko albaitaritza gaiak, gazta egiten ikasi dugu, paper kontuak, salmenta nola egin behar den… alor desberdinak landu ditugu. Irailaren 28an hasi nintzen eta garaiaren araberakoa izan da lanketa; arkume garaian adibidez arkumeak jaiotzen lagundu dugu. Artzaintzaren arlo teoriko zein praktikoa landu dugu.
Ni egunero joan eta etorrian ibili naiz, goizean joan eta iluntzean bueltatu, baina bazegoen han bertan geratzen zen jendea.
Beti izan al duzu argi artzain izan nahi zenuela? Senideren bat artzaintzan ibili izan al da?
Argi ez, baina ardiekin ibiltzeko amets hori bai. Nire aita eta ama baserrikoak dira, baina bere garaian kalera etorri ziren eta ez nuen izan ganaduarekin horrelako kontaktu zuzenik. Halere, ume-umetatik ardi artean ibili naiz eta lehenago edo geroago banekien hor bukatuko nuela. Duela bi urte joatekotan izan nintzen, iaz ere bai, eta azkenean aurten izan da. Nik beste lan bat egiten dut eta denbora libre guztia ematen dut ardietan.
Artzain Eskolan beste artzain askorekin izan zara. Nola ikusten duzu artzaintzaren egoera?
Ezagutzen ditudan artzainekin hitz egin izan dut horri buruz. Ez da gauza erraza, ezta fabrika batean ere, eta ardiekin oraindik zailagoa da. Baina lana ondo eginez gero, fundamentua izanez gero, ogibide bat izan daiteke.
Kurtsoa amaituta, zein izango da hurrengo urratsa?
Orain nire proiektu pertsonala landuko dut, Gaztenek izeneko programaren bitartez. Zure proiektua garatzeko laguntzarik ez badaukazu, laguntza teknikoa jartzen dizute, gauzak ondo bideratzeko. Artzain Eskolan proiektu bat egin dut, garatzea gustatuko litzaidakeenarekin, eta orain horretan oinarrituta tekniko horrekin bideratuko dut, eta hori izango da behin betikoa. Ondo bidean, udazkenean aurkeztuko dut Gipuzkoako Foru Aldundian.
Zehazki zein bide hartuko duzu? Zertan oinarrituko da zure lana?
Inbertsio oso handiak izaten dira. Lehenengo artaldea osatu behar da, eta hori ez da erraza. Artegi berria ere beharko nuke eta mendira, Urbira, joateko asmoa daukat. Baina hori bideratu arte esnea saltzen hasiko naiz.
Beraz, lehenengo fasea nolabait esnea izango da, eta gero gazta egitea izango litzateke hurrengo fasea.