Gainditzeko oztopo bat gehiago
Tolosaldeko eta Goierriko pertsona gorren elkartea da Gainditzen. Musukoaren derrigortasunetik eratorritako komunikazio arazoak ekiditeko, informazio txartela atera dute, gainean eramateko.
Koronabirusaren pandemiak eragin globala izan du munduan: aurrekaririk gabeko osasun krisia, ekonomikoa, soziala eta politikoa izan da, eta horrek, hala ere, eragin desberdina izan du pertsonengan.
Telelana, telefonoaren bidezko osasun-laguntza edo klase birtualak ere harremanak izateko modu bihurtu ziren COVID-19k eragindako konfinamenduaren hilabeteetan. Eta kasu askotan, errutina horiek indarrean jarraitzen dute lan eta hezkuntza munduan.
Baina, zer gertatzen da gorreria duten edo entzumen-arazoak dituzten pertsonekin, adibidez, ezin dute prentsaurreko bat jarraitu murrizketa berriei buruz informatzeko? Julian Rodriguez Gainditzen elkarteko zuzendaria da. Tolosaldeko eta Goierriko pertsona Gorren elkartea da Gainditzen. «Gure helburua da pertsona gorrak, entzumena galtzen ari direnak, eta haien ingurua eta familiak babestea, komunitatea osatzea eta zerbitzu bat eskaintzea».
Hasiera batean entzumena galtzen den kasua, «oso gogorra» da. Gomendioa bat eman die egoera horretan egon daitezkeen guztiei: «Bakarkadera ez jotzea, eta laguntza eskaintzen duten elkarteak daudela ez ahaztea». Azken urte honetan, koronabirusaren osasun krisiak eragin zuzen-zuzena izan du pertsona horien egunerokoan. Musukoaren derrigortasunak, komunikatzeko oztopo bat gehiago suposatu die. Erabaki horrekin, «oso bakartuta» sentitu dira. «Musukoa, komunikatzeko arazo bat da guretzat. Adibidez, trafiko kontrol batera iritsi, eta elkar ulertzeko arazoak sortzen dira». Horrelako egoerak ekiditeko, txartel bat atera dute; bertan argitzen da, txartel horren jabea pertsona gorra dela. Gorreria duen pertsonak gainean eramango du txartel hori eta ondorengo mezua irakur daiteke bertan: «Ulertu ahal izateko, kendu musukoa eta urrundu pixka bat, mesedez. Bestela idatzi edo zeinu hizkuntza erabili».
Eskutik helduta
Gainditzen elkarteko kideek Ordiziako udalaren babesa jaso dute. «Ordiziako Udalaren lehentasuna da herritarren ongizatea bermatzea, eta horiek hobetzeko urratsak ematea. Bide horretan, Gainditzen elkarteko kideekin harremanetan gaude, eta elkarlanean egongo gara aurrerantzean ere, elkarteak eskaintzen dituen zerbitzuak ordiziarren eskura jarriz», azaldu zuen Adur Ezenarro Ordiziako alkateak. Hala, entzumen arazoak dituzten pertsonen eskubideak bermatzeko konpromisoa hartu du.