Hirugarren sektoreari bideratutako diru laguntzak eskatu daitezke jada
Merkataritzari eta ostalaritzari zuzendutako laguntzak eskatzeko epea irekita dago. Elektronikoki edo udaletxean egin daitezke. Beste laguntza batzuk ere abian daude
Beasaingo Udalak otsaileko osoko bilkuran onartutako hainbat laguntzek gainditu dituzte tramiteak eta eskatzeko epeak zabaldu dira. Eskaera orriak udalaren webgunean daude eskegita, dirulaguntzak emateko oinarrien atalean. Betetakoan elektronikoki edo Igunearen bidez udalari helarazi behar zaizkie, gehitu behar diren eranskin guztiekin.
ITXIALDIA ARINTZEKO
Beasaingo Udalak 150.000 euro bideratuko ditu eremu gorrian egoteagatik itxita egon beharra izan duten negozioei kalteak arintzen laguntzeko. Zehazki, Beasain abenduaren 14an sartu zen eremu gorrian, tabernek irekitzeko baimena jaso eta asteburu bakarrera; ia sei aste egin zituen eremu gorrian.
Langile kopuruaren arabera 1.000 eta 1.400 euro bitarteko laguntzak banatuko ditu aktibitatea geldirik izan duten hilabete bakoitzeko. Hilabetea osorik egin ez den kasuetan, proportzioan banatuko dira laguntzak. Gehienezko kopurua 3.000 eurokoa izango da. Laguntza eskatzeko azken eguna maiatzaren 31a izango da.
LOKAL HUTSEI, ERABILPENA
Udalak diruz lagunduko die lokal huts bat merkataritza jardueretarako erosten edo alokatzen duten herritarrei. Errentaren kasuan 300 euroko laguntzak banatuko dituzte gehienez; salerosketen kasuan, 2.000 euroko laguntzak izango dira. Pasa den urtean lau eskaera jaso ziren eta denera 9.500 euroko laguntzak banatu ziren.
Jose Migel Iturriotz kaleko lokalek izango dute lehentasuna, baina herri guztira zabaldutako eskaintza da. Eskaerak egiteko epea urriaren 30a arte dago irekita.
PAISAIA LINGUISTIKOA
Merkataritzan hizkuntza paisaia euskalduntze aldera banatuko diren laguntzak dira. Errotuluak, irudi korporatiboak eta webguneak euskararatu nahi dira.
180 eta 360 euro bitarteko laguntzak izango dira, erabilpenaren eta kostuaren araberakoak. Eskaerak urriaren 1a arte aurkeztu daitezke.
EKINTZA GIZATIARRAK
Udalak 50.000 euro bideratuko ditu garapen bidean dauden herrialdeentzako larrialdietarako edo ekintza gizatiarrentzako. Pandemia dela eta, kopuruak egokitu egin dira: %70 garapen-proiektuentzat bideratuko da eta %30a larrialdietarako edo ekintza gizatiarrentzako laguntzentzako. Eskabideak aurkezteko epea irailaren 15a arte dago zabalik.
Mugitzeko murrizketak direla eta ez da bidaiarik aurreikusten aurtengorako. Hau da, garatze bidean dauden herrialdeetatik ez da haurrik helduko Beasainera eta bertatik ez da kooperanterik joango. Ez behintzat udalaren laguntzarekin.
MENPEKOTASUNA
Menpekotasuna edo desgaitasuna duten 6 eta 25 urte bitarteko beasaindarrek estimulazio edota errehabilitazio programak egiteko laguntzak dira. Etzi amaituko da laguntzak eskatzeko epea.
Udalak 7.200 euro bideratu ditu laguntza hauetara. Gehienez, onuradun bakoitzak 1.700 euroko laguntza jasoko du.
Diru laguntzak
ITXIALDIAGATIK
· 1-3 langile: 1.000 euro hilabete bakoitzeko.
· 4-6 langile: 1.200 euro hilabete bakoitzeko.
· 7 langile edo gehiago: 1.400euro hilabete bakoitzeko.LOKAL HUTSAK
· Alokairua. Lehenengo urteanalokairu gastuaren %50a, gehienez ere 300€ hilean; bigarren eta hirugarren urteanalokairu gastuaren %40a,gehienez ere 200€ hilean.
· Salerosketa. Katastroko balioaren %4a, gehienez ere 2.000 €.PAISAIA LINGUISTIKOA
· Errotuluak. Kostuaren %50a,gehienez ere 240 euro.
· Irudi korporatiboa. Kostuaren%50a, gehienez ere 180 euro.
· Webgunea. Soilik euskaraz badago, kostuaren %50a, gehienez ere 450 euro; euskaraz eta beste hizkuntza batean badago, kostuaren %40a, gehienez ere 360 euro.