Ipar Haizeako bederatzigarren fasea aste honetan hasi da
Zumarragako auzoa berrurbanizatzeko lanen fase berriko lanei herenegun ekin zien Campezo enpresak. 13 astean eta 434.000 euroko aurrekontuarekin bukatzea aurreikusten dute.
Zumarragako Ipar Haizea auzoko berrurbanizazioaren bederatzigarren fasea abiatu zen astelehenean. Obra Campezo enpresak egingo du eta aurrekontua 434.000 eurokoa da. Obra 13 asteko epean bukatzea espero dute.
Bederatzigarren fase honetan, saneamendu sarea zabalduko dute. Horren ondorioz, euri urak biltzeko sistema berri bat sortuko da. Horretaz gain, espaloiak erabat berrituko dituzte. Espaloi berriek indarrean dagoen irisgarritasun araudia beteko dute. Horretarako, Zumarragako Udalak oinezkoen ibilbideak zabaldu egingo ditu.
Zuhaitzak
Gainera, etxebizitzen fatxaden ondoko espaloian dauden zuhaitzak moztu egingo dituzte eta pareko espaloian zuhaitzak landatuko dira, egungo eskailerak eraitsi eta berriak egingo dira, errepidea berriro asfaltatuko da eta seinale horizontal berriak margotuko dira.
Bukatzeko, hiri altzari zaharrak kendu eta berriak jarriko dira, paperontziak eta barandak barne.