Ormaiztegiko etxebizitzen historia argazkien bidez
Gizarte etxeko tabernan dagoen erakusketa txokoan aldi baterako erakusketa berria jarri dute. Angel Elorza argazkilariaren eta garai bateko hainbat argazkilariren argazkiak uztartzen ditu eta maiatzaren 9ra arte egongo da.
Ormaiztegiko Gizarte Etxeko tabernan aldi baterako erakusketa berria jarri dute. Angel Elorzak egindako gaur egungo argazkiak eta beste hainbat argazkilarik garai batean ateratakoak egongo dira ikusgai gaurtik maiatzaren 9ra bitartean. Irekieran izan dira Jon Enrique Galarza alkatea, Ione Usabiaga zinegotzia eta Angel Elorza argazkilaria.
“Erakusketak Ormaiztegiko kaleko etxebizitzen historia azaltzen du, garai bateko etxebizitzak bota eta toki berean berriak eraiki zituzten eta hori ikusi daiteke erakusketan”, esan du Elorzak. Belaunaldi berriek aldaketa ikus dezaten baliagarria izango da: “Balio behar du gure belaunaldiko jendeari gogorarazteko nola zen gure herria, eta gaurko belaunaldiek ikusi dezaten nola zen garai batean”.
Galarza alkateak adierazi du herriko ondarea ezagutzeko eta babesteko izango dela: “Oso garrantzitsua eta polita da herritarrontzat”.