«Sagardotegia gure bizitza filosofian sartuta dugu»
Sagardozalea da Aitziber Garmendia aktore zaldibiarra, eta sagardotegira lagun giroan joatea gustatzen zaio. Goierritar izaera defendatu eta "bertan bertako produktuak" kontsumitzeko deia egin du.
Goierriko sagardotegien irekiera zuk egin duzu. Ohituta egongo zara halako ekitaldiekin…
Ez pentsa. Ekitaldi guztiak ez dira horrelako ilusioarekin hartzen. Goierriko sagardo irekierarako, hemengo ostalaritza eta produktuak kontsumitzeko aldarrikapena egin behar nuen, eta hala sentitzen nuen gainera. Ez horregatik bakarrik; neronen gozamenerako ere bai, oso zalea naiz eta. Gogo handia neukan, eta, orduan, oso pozik.
Goierri zuretzat naturala dela esan duzu hitzaldian.
Goierri defendatzea eta Goierriz harro sentitzea, barruan daramadan zerbait da. Gaur niretzat hemen egotea oso inportantea da. Beti baloratu izan dut bertako produktua, eta aldarrikatzen dut bertan bertakoa kontsumitu behar dugula. Guk, gurea.
Sagardo zalea al zara?
Bai. Urtean lau-bost sagardotegi egin ohi ditut. Ohitura da. Ez da produktua bakarrik, hemen oso-oso barneratuta daukagun plan bat da, bazkaltzeko edo afaltzeko modu bat, baina baita egoteko modu bat ere. Ia-ia gure bizitza filosofian sartuta daukagu.
Falta sumatuko zenuen hortaz.
Ikaragarri. Gehienek bezala. Baina ni oso jendearekikoa naiz, jendearekin egotea asko gustatzen zait. Hemengo produktuak jatea eta edatea ere asko gustatzen zait. Horren falta izan dut.
Kanpotarrak etortzen zaizkizunean eta, eramaten al dituzu sagardotegietara?
Beti. Behin, Coloradon ezagututako lagun bat sagardotegira eraman nuen. Harrituta geratu zen. Hurrengo batean bere anaiarekin etorri zen. Kanpokoek ezagutzen ez duten kultura bat da. Espainiara joan izan naizenetan ere saiatzen naiz beti sagardoa eramaten. Madrilen badago asko gustatzen zaidan ardandegi bat, lagunak ditut jada, eta joaten naizenean sagardoa eramaten diet; haiei ere gustatzen zaie.
Zein proiektutan zabiltza orain? Madrilen asko, esan duzunez.
Antzerkiarekin ari gara, gehienbat. 2020an geldituta egon zen jira hori hartu dugu berriz, eta orain hasi gara berriz emanaldiekin. Uda osoa pasatuko dugu Madrilen, Losers antzezlanarekin denboraldia egiten, Jon Plazaolak eta biok. Orain joan-etorrian ari gara, asteburuetan Madrilen aritzen baikara. Gero, udan jada han kokatuko gara. Bestela, telebistan ere ari naiz, Barre librea programarekin. Antzerkiko jirak astebururo, eta astean zehar ETBn.
Berreskuratu al duzue lehengo pultsua aktoregintzaren munduan?
Ari gara berriro ere lanean, baina orain egiten ari garen antzezlanak 2020an egin gabe gelditu zirenak dira. Ez dakiguna da hauek bukatutakoan zer programatuko den. Beldurra dago orain 2021 bukaera aldera begira, eta 2022ra begira. Zeren ez dakigu berriz ere gehiago programatzen hasiko diren.