San Jose egoitza ezinduta dauden adinekoen egonaldietara bideratuko dute
Adineko egoitzetatik eratorritako COVID-19 kasu positiboak artatzeko 58 plaza izan ditu Ordiziako San Jose egoitzak. Iazko urritik, 195 pertsona artatu dituzte bertan
Aste honetatik aurrera, COVID-19 kasu positiboen zaintzarako prest dauden zentroetan aldaketak egongo direla jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Erabakiak Ordiziako San Jose egoitzari eragingo dio; plaza kopurua (58), behin-behinean eta pandemiak iraun bitartean, ezinduta dauden adineko pertsonentzako aldi baterako egonaldietara bideratuko dira.
Iragan urteko martxotik, adinekoen egoitzetatik eratorritako COVID-19 kasu positiboei erantzuteko hiru zentro gaitu ditu Aldundiak: Gurutze Gorria Donotian; Torrekua Eibarko ospitalean; eta San Jose egoitza, Ordizian. Ordutik, 695 pertsona artatu dira, aldundiak aurkeztu dituen datuen arabera, eta zehazten du, gehienak adinekoen egoitzetako erabiltzaileak izan direla: 89 Gurutze Gorrian; 411 Torrekuan; eta 195 San Jose egoitzan.
Diputatuak aurreratu duenez, aste honetan bertan aldaketak egingo dira COVID-19aren kasu positiboen arretarako gune horietan. Eibarko (48 plaza) eta Ordiziako (58 plaza) zentroetan gaitutako 106 plazatatik 24 Eibarren mantenduko dira, egoitzetatik etor litezkeen kasu positiboak artatzeko. Eibarko Ospitalean, bigarren unitate bat ere badago, eta horertan, 24 plaza egongo dira, beharrizan soziosanitarioak dituzten pertsonak hartzeko.
Gipuzkoako Diputatu Nagusia Markel Olanok Eibarko Ospitaleko Torrekua gunera bisita egin zuen herenegun, Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuarekin batera. Bertan, Eibarko ospitalean arreta ematen duten Aita Menniko profesionalekin, eta Ordiziako San Jose zentroa kudeatzen duen Kabia enpresako arduradunekin egon ziren.
Gaixotasunagatik Gipuzkoan hildako «322 adineko pertsonen familiei, gertutasun eta elkartasun osoa» adierazi zien Olanok, eta Aita Menni eta Kabiari «aitortza» egin zien, «pandemiaren aurrean lehen lerroan egindako lanagatik». Lurraldeko egoitzetako langile guztiei ere zabaldu zien eskertza. «Birusaren ondorioei sare gisa aurre egin diegu, erakundeen eta hirugarren sektore sozialeko erakundeen artean indarrak batuz. Orain, txertoari eta prebentzio-lanari esker, egoitzetan eta gizarte-zerbitzuetan egoerak hobera egin duenean, lankidetzan jarraitu behar dugu, momentuan momentuko egoerara egokitutako prebentzioa eta arreta bermatzeko».
«Funtsezko zerbitzua»
Eibarrera egindako bisitan Olanok adierazi zuenez, COVID-19 erreferentziazko zentroak irekitzea «funtsezkoa» izan da osasun krisiari aurre egiteko: «Aitzindariak izan ginen gure inguruan mota horretako lehen zentroa irekitzen, eta ospitale arretarik behar ez zuten pertsonak artatzeko oso baliagarria dela erakutsi du. Egoitzei ere hauspoa hartzeko aukera eman diete, kasu askotan birusa zentro barruan zabaltzea saihestu dutelako».