Urretxun, eski kluba ere bai
Urretxun ez dago eski estaziorik, baina eskiatzaile kluba dute. Gorka eta Joseba Garitano anaiek sortu zuten udaberrian, beraien seme-alabentzat eta beste gaztetxo batzuentzat.
Urretxu eta Zumarraga herri kirolzaleak direla ezin uka. Goi mailako kirolariak eman dituzte eta bi herrietan kirol asko egiteko aukera ematen duten klubak daude: txirrindularitza, futbola, eskubaloia, saskibaloia, boleibola, atletismoa… Gezurra badirudi ere, eski kluba ere badago. Irimo du izena.
Irimo Kirol Eski Kluba Joseba eta Gorka Garitano anaia antzuolarrek sortu zuten iazko udaberrian. Beraien seme-alabak eskiatzaileak dira eta Jakako klubarekin aritzen ziren. Jakako klubarekin aritzeak Aragoin federatu beharra suposatzen zuen eta ez zeuden gustura Aragoiko federazioaren jarrerarekin. Hori dela eta, Gipuzkoan klub bat sortzea erabaki zuten. Hala, Negu Kiroletako Euskal Federakuntzaren babesean daude.
Klubeko kideak
Joseba Urretxun bizi da eta bai Urretxu eta bai Antzuola Irimo mendiaren magalean daude. Hori dela eta, klubari Irimo izena eman zioten. Gorka maiatzean hil zen. Irimon, hain zuzen ere.
Klub berrian beraien lau seme-alabetako bi daude: June urretxuarra eta Mikel antzuolarra. Bi gazteenak, Josu antzuolarra eta Luken urretxuarra Jakako taldean daude oraindik.
Irimo klubeko kideak dira ere Marta Martinez de Aragon eta Mikele Garitaonaindia gasteiztarrak, Intza Sologaistoa eibartarra eta June Agirrebeña donostiarra.
Urretxuarren mendi kuttunaren izena duen klubeko kideak emaitza bikainak lortzen ari dira. Mikel Garitanok eta Martinez de Aragonek Euskal Herriko txapelketa irabazi dute asteburuan. June Garitano, berriz, Italian dago Espainiako selekzioarekin. Asteburuan laugarren postua lortu zuen Italiako Tarvisio herriko eslalomean. Bi asteburu barru Espainiako txapelketan parte hartuko dute guztiek.
Bi gazteenei dagokienez, Luken Garitano hirugarren postuan dago Espainiako Kopan eta Josu Garitano zortzigarren postuan.
June eta Lukenen aita, Joseba Garitano, oso gustura ageri da egiten ari diren lanarekin. «Klubean izen-emateez eta bidaiak antolatzeaz arduratzen gara. Oso pozik gaude emandako pausoarekin. June, adibidez, laguntzak jasotzen hasi da. Aragoiko federazioarekin zegoenean ez zuen laguntzarik jasotzen eta orain Basque Team-en promesen taldean sartu dute», azaldu du.