'Ama-alu-lur', aluaren inguruko gogoetak pizteko antzezlana, bihar
Gorostiagak dio 'alua' ahoskatzea zaila izan ohi dela, «tabua» delako; buelta eman dio. Transzikloak antolatutako emanaldia da, Emakume langileen nazioarteko egunaren harira
Ama-alu-lur. Sorgin baten ametsak antzezlana eskainiko dute bihar, 19:00etan, Usurbe Antzokian. «Bi neska espeleleogok, Espek eta Leok, duela 14.000 urte zizelkatutako alu erraldoi bat aurkituko dute. Hortik bidaia bat hasten da: alde batik, kobetako sekretuak azalarazten dituena; eta, bestetik, emakumearen inguruan hausnartzen duena. Non gelditu da historian? zergatik ez da ikusten bere figura?», egin du sinopsia May Gorostiaga gidoilariak eta zuzendariak. Galderaz beteriko lana da. «Zer gertatu zaigu 14.000 urte hauetan alua magiko edo mistiko izatetik eta paretetan errespetuz pintatzetik egun zakilak margotzera igarotzeko. Eboluzionatu al dugu ala ez?». Esan, aurkikuntza ez dela fikzioa, Gorostiagaren esanetan «ohikoak» baitira haitzetan marraztutako aluak.
Antzezlanean zehar galderak erantzuten joan beharrean, gehiago agertuko dira. «Jakinmina piztu nahi dugu, behintzat. Publikoak esaten digu askotan etxera iritsi eta Interneten bila hasten dela». «Ikusle batek behin esan zidan irtetean aluaren inguruan ama-alabek lasai hitz egin zutela, gauza sakonei buruz. Askotan kostatzen zaigu alua hitza bera ahoskatzea. Tabu handia daukagu oraindik. Lortzen badugu botoi horiek ukitzea, gu pozik».
Gorostiagari ere ez zitzaion erabat xamurra egin gidoia idaztea. «Aluaren inguruan denetarik dago, eta hori islatu behar da: sexu esklabotza ukitzen dugu, mutilazio genitala… Ez dira erosoak, baina beharrezkoak dira. Zailtasun handiena umorea galdu gabe jorratzea izan da». «Gaia lantzeko beharra eta gogoa sumatzen genuen».
Gorostiagak ere gogoratu du urte zaila izan dela azkeneko hau. Instituzioen aldetik laguntza «gutxi» jaso dutela azpimarratu du.
Transzikloaren eskutik
Transzikloak antolatutako saioa da, Emakume langileen nazioarteko egunaren harira prestatutako egitarauaren barruan.
Zinegoak gaylesbitrans zine jaialdiko lanak eskainiko dira Usurbe Antzokian datorren astean. Hau ere Martxoaren 8aren bueltan.