Bertsolari gazteek hiru plaza dituzte asteburuan, agorraldia ureztatzeko
Aztiri saria Legazpin bihar, Osinberde Zaldibian etzi eta Argi-Berri Ordizian igandean jokatuko dira. Aretoetan dira saioak, aurreneko aldiz. Bina sailkatuko dira Osinaldera
Iazko hutsunearen ondotik, eta bi urte desertu igarotzen utzi gabe, bertsolari gazteentzako Goierriko sariketak asteburuan izango dira. Aldaketa aipagarriekin bada ere, plaza-aukera eskainiko diete Aztiri, Osinberde eta Argi-Berri sariketetan 18 gazteri.
COVID-19 neurriengatik soziedadeak itxita eta afal garaia ezeztatuta dauden honetan, antzoki-aretoetara jo dute. Afari ondorengo saioetatik bestelakoak izango dira aurten, beraz. «Desberdina izango da. Baina bi aukera zeuden: egin edo ez egin. Egitea erabaki genuen», laburtu du Joxi Irastortza zaldibiarrak.
Asteburu bakarrean bildu dituzte hiru kanporaketak, balizko itxialdien kaltea eragozteko. Aztiri saria, gainera, herriz aldatu dute: Aztiria auzoko elkartean beharrean, Legazpin jokatuko da, Latxartegi antzokiaren egokitasuna baliatuta. «Aretoa handia da. Beste ekintza batzuk ere egin dira egoera honetan, eta nahiko ondo antolatu dira. Ikusi behar jendeari atzerapenik eragiten dion ala ez», dio Jokin Matxinandiarena Mugertzak.
Bihar arratsaldean, Aztiri sariketak emango dio hasiera asteburu beteari. Bertso-Olariak taldekoek lagundu dute.
Zaldibian, streaming bidez
Espazio murritzagoa Zaldibiako Herri Antzokiak dauka. Larunbat arratsaldean da han bigarren saioa. Edukiera mugatuarekin, 50 lagun sar daitezke denera, bertsolariak, antolatzaileak eta konpromisoak barne. Sarrerak aspaldi agortu ziren, baina Internet bidez emango dute saioa, ordainetan. Orkatz Gorrotxategik grabatuko du, eta streaming bidez zuzenean zaldibia.org herri atarian ikusi ahalko da Osinberde saria.
«Gazteei aukera ematea da helburua, eta bi urte egin gabe luzeegi zatekeela eta, aretoa da daukagun azpiegitura. Pena handia ematen digu bertsozaleek eta herrian nahi duten guztiek ezin dutelako joan, edukiera mugatuagatik. Baina aurtengo legea pasatuta, ea datorren urtean aukera handiagoa dagoen. Positibotik begiratu behar da», ondorioztatu du Irastortzak.
Sailkatze saioetan hirugarrena, eta azkena, igande eguerdian Ordiziako Herri Antzokian da: Argi-Berri saria. Leku arazorik ez da han. Eta, toki nahiz garai aldaketak eguerdian jokatuko den lehen saioa da, beste mota bateko entzulegoa erakarriko duela dirudi. «Giroa ez da berdina izango, noski; beste gauza bat da. Orain arteko formatua afariarena izan da. Baina ez dakit ordaindu behar zelako edo zer, jende bat ez zen etortzen. Igandean gazte pilo bat izango da. Entzule berriak erakarriko dituela ematen du, eta hori ere bada helburua. Agian bertsotan ordiziarra eta beasaindarra ariko direlako», azaldu du Argi-Berriko Aitor Calvillok.
Aurrez erreserba dezente hartuta daude. Antzokiko txarteldegian har daitezke sarrerak (doan dira), iluntzeetan.
Bi goierritar, biak Ordizian
2019ko azkeneko ekitaldietatik, bost bertsolari besterik ez dira aurten errepikatzaile Aztirin, Osinberden edo Argi-Berrin kantatuko dutenak. Gainontzeko hamahiru gazteek estreinako aldiz parte hartuko dute. Errelebo aldaketa azkartu du pandemiaren erruzko hutsuneak.
Bi goierritar daude zerrendan, biak debutariak. Ordizian kantatuko dute, igandean, Maddi Aiestaran beasaindarrak eta Lander Arizmendi ordiziarrak.
Saio bakoitzetik bina sailkatuko dira Osinalde sarira. Gabiriako elizan, martxoaren 27an (17:00) jokatuko da finala. Sarrera (5 euro) telefonoz erreserba daiteke (650 14 18 13).