I. Berdintasun Planerako diagnostikoaren emaitzak azaldu dituzte
Herenegun aurkeztu zituzten herritarren aurrean Idiazabalgo Udalak eta Elhuyar Alhokularitzak elkarlanean egindako berdintasun planaren emaitzak
Idiazabalgo Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana diseinatzeko prozesua martxan da. Iazko irailetik abendura, Plana egiteko emakumeen eta gizonen berdintasun egoeraren inguruko diagnostikoa egin zuten Idiazabalgo Udalak eta Elhuyar Alhokularitzak elkarlanean, eta herenegun aurkeztu zituzten bertan jasotako emaitzak herritarren aurrean Alazne Elorza komunitate dinamizatzaileak eta Aizaga Zeberio Elhuyarreko teknikariak.
Datu soziodemografikoak, udalaren osaera politikoa eta teknikoa, udal langileen lan baldintzak, berdintasunerako politikak garatzeko baliabideak, enplegua, zaintza-lanak, kultura, jaiak, migrazioa eta aniztasuna, euskara, hezkuntza arautua eta ez arautua, gazteria, kirola, gizarte zerbitzuak eta osasuna, indarkeria matxista eta espazio publikoa eta mugikortasuna hartu dituzte kontuan diagnostikoa egiteko, eta eremu horietako indarguneak eta ahulguneak identifikatu dituzte herriko emakumeekin egindako lanketan. Adibidez, kultur eremuan, positiboki baloratu dute udal liburutegiko erabiltzaile gehienak emakumeak direla, baina hobetzeko alderdi gisa zehaztu dute ikastaroetan emakumeek eta gizonek egiten dituzten hautuetan genero-rol eta estereotipoek eragin handia dutela.
I. Berdintasun Planaren zirriborroa osatu eta landu dute urtarrilean eta otsailean, eta martxoan prozesua eta emaitza baloratu eta plana kontrastatuko dute ordezkari politikoekin eta herritarrekin, ondoren plana udalbatzan onartzeko.