'Parke Biziak' proiektuak auzoetako bizilagunen ekarpena jasoko du
Ordizian lehen fasea amaituta, datorren astean ekingo diote auzotarrekin, parte hartze prozesuaren bigarren faseari. Martxoaren 24an egingo dute lan saioa eta izena eman behar da
Ordiziako parke sarearen inguruko parte-hartze prozesuak aurrera jarraitzen du. Lehenengo fasea otsailean itxi zuten eta datorren astean bigarrena hasteko moduan izango dira. Hain zuzen, auzoetako ekarpenak jasoko dituzte, datorren asterako antolatu duten lan saioan.
Iazko urte amaieran hasi zuen Ordiziako Udalak herriko parke sarearen inguruko parte-hartze prozesua, herritarren beharrak identifikatzeko helburuarekin. Bide horretan, hainbat urrats eman dira dagoeneko, eta orain, gidalerro horietatik abiatuta, parke sarearen izaera konkretua zehaztu nahi du udalak: jolaserako gune nagusiak zeintzuk izango diren; txoko lasaiak zeintzuk; eta, kontutan hartu beharreko elementu naturalak zeintzuk diren zehaztu, besteak beste.
Hala, herritarrei emango zaie hitza. Bigarren fase honetan, auzoetara joko dute, ekarpenak jasotzeko. Auzo bakoitzeko bi ordezkarik parte hartzea da udalaren nahia. Herriaren ikuspegi orokorra kontutan hartuz, herriko parke bakoitzaren izaera zehaztuko dute, eta guneen arteko desberdintasunetan eta osagarritasunean sakonduko dute.
Lan saioa
Parke Biziak egitasmoko bigarren fase honetako lan saioa, datorren martxoaren 24an, asteazkena, egingo dute, udaletxeko areto nagusian, 18:00etatik, 19:00etara.
Aforoa mugatua izango da, gehienez, 22 pertsonak parte hartu ahalko dute, eta izena eman behar da egun hori baino lehen. Beraz, interesa dutenek, itsaso@tipigara.com epostara idatzi beharko dute.