Pasa den astean ez zen inor hil COVIDarekin, urte honetan lehen aldiz
Pasa den astean ez zen goierritarrik hil COVIDarekin. Orain arte, urtea hasi zenetik astero-astero gutxienez goierritar bat hil zen. Are gehiago, hamar aste baziren, bata bestearen atzetik, gutxienez pertsonaren batek bizia galdu zuela. Iraila hasieratik soilik abenduko azken astean ez zen inor hil. 117 goierritarrek galdu dute bizia pandemia hasi zenetik.
Datu positibo honek intzidentzia metatuaren gorakadarekin talka egiten du. Goierrin duela astebete baino ia ehun gaixo gehiago daude 100.000 biztanleko. 417,33koa da oraingo intzidentzia, eremu laranjan. Jonan Fernandez LABIko Batzorde Teknikoaren koordinatzaileak aitortu du joerararekin «kezkatuta» daudela, eta iragarri du Aste Santuetarako ez dutela baztertzen neurri gogorragoak hartzea «bilakaera bereziki negatiboa izango balitz». Lehen olatuaren ondoren udako deseskalatzea «behar baino lehenago» egin zutela aitortu du eta ez dela halakorik errepikatuko esan du. «ikasi dugun akatsa izan zen».
Beasain eta Lazkao
Beasainek eta Lazkaok eremu gorrian jarraitzen dute. Hamar eta bost positibo atzeman dituzte hurrenez hurren, azken datuen arabera. Ermuarekin batera, hego Euskal Herriko 5.000 biztanletik gorako udalerri bakarrak dira eremu gorrian daudela.
Inguruko herrietan ere gora egiten ari da intzidentzia: Ordizia 400 kasuko intzidentziara hurbildu da eta Legorreta, Itsasondo, Ataun, Zaldibia eta Zegama 500 kasuetatik gora daude.
Legazpik eta Zumarragak eutsi egiten diote. 100.000 biztanleko 100 kasuren bueltan dabiltza, eremu horian. Urretxu ere eremu horian dago.