Udaberriaren gertutasunaren lekuko, zizak
Landareetan aukera handitu da, justu azoka hau ere golpe handia hartzen hasi zeneko urteurrenean. Apirilaren 7an Idiazabal Gaztaren denboraldi berria aurkeztuko dute Oiangun.
Euritsu baina hotzik ez. Aurten ere negurik ez dugula izan esan genezake, 0 gradutik gertuko azoka gutxi (abenduaren 30ekoa eta martxoaren 10ekoa), bestela ere, elur eta izotz handirik ez da izan. Hauexek dira urtean gau eta egun orduan pare-parean dabiltzanak, hemendik aurrera argi orduak nagusituko dira eta naturaren benetako piztea egunetik egunera nabarmen sentituko dugu. Hala, landareen erakusleihoa aberasten ari da, lehen luzokerrak eta piperminak atzo ekarri zituzten, oraindik ere negutegian sartu beharrekoak.
Calocybe gambosa hauxe da mikologia atalean garestiena gure merkatuei dagokionez (boilurraz gain) duen estimazioari zor nonbait. Sukaldari ezagunek ere erakartzen ditu, atzo esate baterako ikusi orduko Iker Markinezek (Kuko jatetxea-Ormaiztegi) kilo erdia hartu zuen. Aitzakiarik gabekoak lehen 800 gramo hauek, inguruan bildutakoak eta Lasaren postuan 120 euroan kiloa salgai atzo. Lehenengoak izateko aspaldiko preziorik merkeena, aurreko urteetan 160 eta 200 prezioa izan baitute.
Gaurkoa, markatutako data
2020ko martxoaren 18ko feria izan zen egoera berezi honetako lehena. Sinesgaitza zen eta jakin eza nagusi, zetozen aginduak aldakorrak eta nahikoa lan eman zuen astea joan astea etorri azokari eusteak. Gaur egun markak hor diraute, harrezkero bete ez diren hutsuneengatik, postuen kokapenari dagokionez eta abar. Salmentei dagokionez, orokorrean behera egin dute. Eskualdeko azoka dela garbi dago eta herriz herriko muga ixteak kalte handia egiten dio. Kokapenari dagokionez batzuk lehengo modua nahiago dutela diote, «plaza eta inguruko saltsa hura…». Besteek, «orain elkarri trabarik egiteko aitzakiarik ez dugu», ironi eta umore puntuan.
Bestelako kontuak bizi izan zituen 2012an gaurko egunez Ordiziak. Igandea zen asteroko baserritarrek eta saltzaileek omenaldia jaso zutenean merka- tuaren 500. urteurreneko ospakizunetako bat izan zen.
Artzain Egunik ez
Artzain egunaren ospakizunik izango ez bada ere apirilaren 7an egingo da Idiazabal Gazta berriaren aurkezpena Oiangu parkean.