«Zazpi lasterketa dira eta elastikoari eusten saiatuko naiz»
Nicolas Alustizak (Zumarraga, 2003) Egiako proba irabazi du. Gazte mailako Euskal Herria txapelketako lehenengoa da eta, horrenbestez, liderraren elastikoa jantzi du.
Noiz eta nolatan hasi zinen bizikletan?
11 urte nituenean hasi nintzen, Goierri kirol elkartearen txirrindularitza taldean. Kimu kategorian hasi nintzen, taldeak utzitako bizikleta zahar batekin. Probatzeko hasi nintzen eta gustatu egin zitzaidan. Garai hartan futbolean ere jokatzen nuen, Urola taldean. Haur mailako bigarren urtean futbola uztea erabaki nuen.
Zergatik aukeratu zenuen txirrindularitza?
Txirrindularitza bakarkako kirola da eta gorputza bere mugara eramaten da. Sentsazio hori gustukoa dut.
Dagoeneko maila ezberdinetan aritu zara. Nola ikusi duzu zure burua maila bakoitzean?
Kimu eta haur mailan, lasterketak zirkuituetan edo herri barruan egiten genituen. 30 txirrindulari inguruk parte hartzen genuen. Kadete mailan lasterketak dagoeneko luzeagoak ziren eta gehiago gozatu nuen. Lasterketa gogorrenak izan ditut beti gustuko: herri barruan egiten zirenetan aldapak zituztenak eta egun mendateak dituztenak.
Ze garaipen lortu dituzu orain arte?
Donostiako Egia auzokoa gazte mailan lortu dudan lehen garaipena da. Kadete mailan, berriz, Azpeitian eta Undion irabazi nuen.
Postu on asko lortu dituzu.
Iaz Uzarragan eta Liernian bigarren izan nintzen. Ez ditut lasterketa asko irabazi. Abiadura pixka bat falta zait. Talde txikietan ondo moldatzen naiz, baina 20 lagunetik gorako talde batean iristen banaiz, oso zaila dut. Indarra falta zait.
Horretan ikusten al duzu hobetu beharra?
Ordekan geroz eta hobeto nabil, baina esprintetan hobetu beharra dut.
Egian, proba irabazteaz gain, Euskal Herria txapelketako liderrari dagokion elastikoa jantzi zenuen. Txapelketa irabazteko itxaropenik ba al duzu?
Zaila izango da, baina lehenengo lasterketa irabazi dut behintzat. Zazpi lasterketa dira eta elastikoari eusten saiatuko naiz. Txapelketa irabaztea zaila da, baina borrokatu egin beharko da.
Denboraldiko lehen lasterketan behintzat sekulako erakustaldia egin zenuen. Bigarrena minutu eta erdira heldu zen.
25 bat kilometro falta zirenean erasoa jo nuen eta bigarren postuan heldu zenak harrapatu egin ninduen. 15 bat kilometro egin genituen elkarrekin. Oso indartsu nindoan eta azkeneko aldapan erasoa jo nion. Mugitu ere ez zen egin. Piñoirik ez zuela jaitsi ikusi nuenean, lehertuta zihoala konturatu nintzen. Azken 10 kilometroak bakarrik egin nituen.
Itzuliren batean parte hartu al duzu?
Iaz Iruñeko Challenge-an parte hartu nuen. Hiru eguneko itzulia zen eta sailkapen nagusian 16. postuan sailkatu nintzen. Nire lehen itzulia izan zenez, gustura gelditu nintzen. Ea aurten Gipuzkoako Itzulia eta Iruñeko Itzulia antolatzen diren.
Datorren urtean 23 urte azpikoen mailara pasako zara. Nola ikusten duzu etorkizuna?
Eta talderen baten eskaintza jasotzen dudan… Baietz pentsatzen dut, baina denboraldi ona egin beharko dut horretarako. Batxilergoko bigarren maila egiten ari naiz eta datorren ikasturtean Mondragon Unibertsitatera joan nahi dut, ikasketak txirrindularitzarekin uztartu ahal izateko. Ingeniaritzaren bat ikasi nahi dut. Industria Antolakuntzako Ingeniaritza, seguru aski.
Zein da zure ametsetako lasterketa?
Euskal Herriko Itzulia.
Eta zein da zure txirrindulari kuttuna?
Mikel Landa.