Idiazabal Gaztaren ekoizpen prozesua, hasieratik amaiera arte
Idiazabalgo J. Aranburu gaztandegian ekoiztutako produktuaren nondik norakoak ezagutzeko aukera izan dute gaurko bisita gidatuan
San Jose zubirako antolatu dituzten bisita gidatuen artean, J. Aranburu gaztandegia ezagutzeko aukera izan dute gaur Idiazabalera hurbildu direnek. Bisitaren lehenengo zatian, Jesus Aranburuk Idiazabal Gazta bat ekoizteko lehen pausuak erakutsi dizkie bisitariei zuzen-zuzenean, esnea Maria bainuan berotzetik gaztari forma emateraino.
Esnea gatzatu bitartean, gaztandegiaren funtzionamendua erakusten duen ordu-erdiko bideo bat ikusi dute, Jesusek zuzenean egin duena gaur egun makinekin nola egiten duten ikusi ahal izateko. Gaztari forma emandakoan, artzainak gaztandegiko instalazioak erakutsi dizkie bisitariei: prentsa, gatzuna, kamerak… Bisita aho-zapore onenarekin amaitzeko, egiten dituzten gazta-motak dastatzeko aukera izan dute gerturatu direnek.