Beasain KE-k bana berdindu du Santutxuren aurka
Beasaingoek jomuga igoera fasean zuten honetan, 1-1 berdintzea lortu dute Santutxuren aurkako partidan Christian Guijarroren golarekin
Talde beasaindarrak pasa den asteburuan Tolosaren aurka jokatutako partidan ezin izan zuen bigarren fasera igotzeko txartela ziurtatu. Seigarren postuan kokatuta, gaur zen ebaztekoa igoera fase horretan sartuko ziren ala ez, baina Deustok eta Tolosak jokatu behar zuten partida atzeratu egin da positibo batengatik. Talde tolosarrak 0-8 irabazi beharko dio Deustori igoera fasean Beasainen aurretik sartu ahal izateko, hauek kanpoan utzita.
Beasainek, dagoeneko igoera fasea ziurtatuta duen Santutxu talde bizkaitarra hartu du Loinazen gaurkoan. Garrantzi handiko partida zela jakinda, beasaindarrak danak emanda atera dira zelaira lehenenengo momentutik, eta berehala lortu dute lehenengo gola Christian Guijarrok bosgarren minutuan sartutako penaltiari esker.
Taldeko kirol zuzendaria den Unai Zurutuzak adierazi duenaren arabera, partida garrantzitsua izateak kalte ere egiten du batzuetan: «Jokatzea ez da erraza izaten burua beste toki batean daukazunean. Gaurkoan behar-beharrezkoa genuen garaipena edo berdinketa lortzea», izan ere, berdinketaren kasuan, Tolosak 0-8 irabazi beharko luke datorren partidan beasaindarrak igoera fasean sartu ahal izateko. «Askotan berdinketak balioko duen ala ez pentsatzen hasten zara, eta azkenean ez duzu burua behar den lekuan izaten», azaldu du Zurutuzak.
Santutxuko Ugaitz Villada jokalariak 60. minutuan sartutako gola eta gero, behera etorri da talde beasaindarra: «Azkeneko partida izango ez balitz, esango nuke gaurko partidaren balorazioa ez dela ona izan, baina alde positiboarekin geratu beharra daukagu».