Goiak zurituta heldu da udaberri desiratua
Laino eta euri zaparradak aldenduta, ostarteak eman diote hasiera udaberriari
Ateri esnatu dira gaur Goierriko herriak udaberriaren etorrerarekin. Azken egunetan izandako euri zaparraden etenarekin batera, gaur goizeko 10:37etan hasi da 2021eko udaberria. Eguzkia atera den honetan ordea, mendi-gainak zurituta agertu dira hainbat zonaldetan, izan ere, gaurko izpiez gain, prezipitazio eta tenperatura baxuak mantendu egingo dira datozen egunetan. Udaberriak 92 egun eta 18 ordu izango ditu eta ekainaren 21ean amaituko da udararen etorrerarekin batera.
Halaber, ordu aldaketa igande honetan izango da, martxoaren 28an, eta udako ordutegia abiatuko du. Behatoki Astronomiko Nazionalaren (OAN) kalkuluen arabera, martxoaren 28ko 02:00etan 03:00ak izango dira. Dena den, oso litekeena da etorkizun hurbilean udaberrian eta udazkenean berriro ordua ez aldatzea. Astronomia Behatoki Nazionalak dioenez, baliteke 2021eko martxoan azkenekoz aldatzea ordua Europar Batasunean.