Haur motxiladunen aldeko kontzentrazioa egin dute Ordizian
Ordizian "Plazak betez, motxilak hustu" lelopean bildu dira Sare Herritarrak deitutako kontzentrazioan
“Irati gurasoekin Euskal Herrira” dinamikaren baitan, Sare Herritarrak deitutako kontzentrazioa egin dute gaur eguerdian Ordiziako plaza nagusian. Komunikatuan azaldu dutenaren arabera, pasa den martxoaren 8an, Bea Etxeberria eta Iñigo Zapirain presoen alaba den Iratik, Bilbora itzuli beharra izan zuen bere hirugarren urtebetetze egunean «gurasoak espetxean 520km-ra utzita».
Ordizian bi dira motxiladun umeen definizioan sartzen diren haurrak, Amets eta Ilargi, Idoia Mendizabal eta Jon Gonzalez preso politikoen seme-alabak, «dagoeneko elkar ikusi gabe urtebete daramatenak».
Hauengatik eta gainontzeko 80 haur motxiladunengatik bildu dira gaur Ordiziako plaza nagusian: «Egoera hau salatzeaz gain, hau aldatzeko eta haur zein gurasoen zama arintzeko bideak badaudela aldarrikatu nahi dugu: guraso diren presoen “euskalherriratzea” eta euskal espetxeetan modulu familiarrak ezartzea». Bukatzeko, «mobilizatzen eta lanean» jarraituko dutela gogorarazi dute.