Ondarre gaztandegia ekoizpen tradizionalari eutsiz
Bisitariak Idiazabal Gaztaren ekoizpena nolakoa den ikustera hurbildu dira gaur goizean Segurako Ondarre gaztandegi tradizionalera
GR-283 Gaztaren ibilbidean aurkitzen den Ondarre gaztandegira bisita gidatua egin dute gaur goizean. Dagoeneko 450 urte dituen baserri honetan, landa-turismoan ez ezik, belaunaldiz belaunaldi transmititzen joan den gaztaren ekoizpenean ere jarduten dira. Hurbildu direnek, Idiazabal Gaztaren ekoizpen prozesua ezagutzeko aukera izan dute Eneko Goiburu artzaiaren eskutik. Gazta egiten duela 200 urte hasi ziren arren, gaur egun oraindik metodo tradizionala erabiltzen dute haien ekoizpenetan.
Latxa ardiak baserriko ukuiluan nola gordetzen dituzten eta horiek nola zaintzen dituzten erakutsi du artzaiak. Gainera, ukuiluaren ondoan dauden larreak ikusteko aukera ere izan dute, Aizkorri mendilerroaren ikuspegi ederrarekin. Hemendik baserriko erakusgelara joan dira zuzenean, eta han arkumeen erditzea eta gaztaren ekoizpen prozesua erakusten duen bideo bat ikusi dute bisitariek. Amaitzeko, egiten dituzten gazta moten dastaketa egin dute.