Ohorezko gonbidatuak Loizun
Ataungo hiru espeleologok ohorezko bisita egin ahal izan dute Nafarroako Erroibarko leizebatean aurkitu zuten 11.700 urteko hezurduraren aurkikuntzara, hango kideek gonbidatuta.
Barandiaran maisua ibili ohi zen bezala, orain ere Ataungo espeleologo zaletuek aitzindari izaten jarraitzen dute. Nafarroan lehengo astean aurkeztu zuten Loizuko gizona, Erroibarreko Loizu herriko Errotalde 1 koba-zuloan aurkitutako 11.700 urteko giza hezurdura. Beste inork baino lehenago ikusi ahal izan zuten beren begiz hiru ataundarrek, tokian bertan artean.
Loizuko aurkikuntza Iruñeko Sakon espeleologia taldeko hirukidek egin zuten, 2017ko azaroaren 20an. Hezurdura osoa, eta lotura anatomikoa mantendutakoa zen. Argazki batzuk atera, eta bere horretan, ingurua gehiago ukitu gabe, mantendu zuten. Jokabide egoki hori txalotu dute zientzialariek, probak egiteko ez baitute kutsatu. Lehen laginek 11.700 urte dituel aebatzi dute. 17 eta 21 urte bitarteko gizonezko baten hezurrak dira. 1,60 metro altu zen.
Pleistozeno eta holozeno aroen trantsizio garaian lurperatu zuten, leizezuloaren sakonean. Ehiztari-biltzaileak ziren orduan, nekazaritza asmatu baino 6.000 urte lehenagokoak.
Ataungo Bixente Matxain, Eñaut Aizpurua eta Mikel Begiristain dira Loizuko gizonaren aurkikuntzara gonbidatuta ohorezko bisita egin duten hirurak. Sakon taldekoekin hartu-emana badute, Ataungo kobetan ibiliak baitira lehen. Martxoaren 6an izan ziren Loizun.
«Ohorea eta pribilegioa»
Argi utzi dute ez direla aurkikuntzaren parte. «Aurkikuntza Sakon taldearena da, ez gurea. Eurek 2017an aurkitu zuten hezurdura, baina orain arte ez dute ezer azaleratu. Agintariek ere ez zuten sinisgarriegi hartzen, eta orain konturatu dira baietz, garrantzitsua dela. Ikustera gonbidatuta joan gara gu, eurekin», dio Bixente Matxainek.
Gobernuak berria eman aurretik behatu dute. «Nahiko zaila eta luzea egin zitzaigun iristea, egia esan. Sabai azpietan, leku estuetan, pasabide konplikatuetan pasatu behar izan genuen, leizearen barruan urruti samarreraino».
Merezi izan zuen, ordea. Lurrean, duela ia 12.000 urte utzitako leku berean, topatu zuten Loizuko gizona. «Ohorea eta pribilegioa da guretzat halako aurkikuntza bat ikustera lekuan bertan joan ahal izatea, atera baino lehen», eskertu die Matxainek Sakoneko kideei gonbita.
Espeleologo zaletutzat dauzkate beren buruak hiru ataundarrek. Ataungo troskak, kobak eta leizeak arakatzen ibili ohi dira, batik bat, Juan Arin Dorronsororen katalogoa erabilita.
«Gustatu egiten zaigu. Normalean, topografiatuta dauden lekuetan ibiltzen gara. Sakon taldekoak ia profesionalak dira, inor sartu gabeko lekuetan ibiltzen dira».
Mikel Begiristain, adibidez, Joxe Migel Barandiaranen aurrendari gisa ibiltzen zen, 16 urterekin hasita. 60 ditu orain. Ataunen bertan Loizukoaren garai modutsuko giza buruhezurrak aurkitu zituzten orduan.