Hizkuntza ohiturei buruz hausnartzeko fikziozko 8 bideo zabalduko dituzte
Uemak, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak duela bi urte abiatutako 'Arnasa gara' kanpainaren fase berria izango da. Arnasguneen garrantzia gogoraraztea ere dute helburu
Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak duela bi urte martxan jarritako Arnasa gara kanpainaren fase berri bat aurkeztu dute: Egunerokoan zer?. Arnasguneen garrantzia azpimarratzeko eta hizkuntza ohituren inguruan hausnartzeko helburuz, fikziozko zortzi bideo zabalduko dituzte sare sozialen eta mezularitza aplikazioen bidez datozen bi hilabeteetan. Fikzioaren bitartez, egunerokotasuneko egoerak islatuko dituzte. Atzo zabaldu zuten lehenengoa, eta maiatzaren 16an izango da azkena.
Joan den ostegunean aurkeztu zuten kanpainaren fase berria Etxarri Aranazko udaletxean, Iraitz Lazkano Uemako lehendakariak, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Silvia Marañon Etxarri Aranazko alkateak.
Hiru Damatxok ekoitzi ditu, eta astero bana zabalduko dute. Euskal herriko hainbat eragileren laguntza izango dute horretarako, eta fikziozko bideoez gain, Antton Telleriarekin, Aitziber Garmendiarekin, Eñaut Elorrietarekin, Sambou Diabyrekin, Erika Olaizolarekin, Ander Lipusekin, Ainhoa Etxebarriarekin eta Iratxe Urkiagarekin egindako elkarrizketak ere jarriko dituzte ikusgai.
Hausnarketa saioak
Kanpaina amaitzen denean, Uemako kide diren herrietan tailerrak antolatuko dituzte zortzi bideo horiek lantzeko. Herri horietako eskoletan ere erabiliko dituzte, soziolinguistika edukiak eta hizkuntza ekologia lantzeko prestatutako unitate didaktikoekin. Iraitz Lazkano Uemako lehendakariaren hitzetan, «herritarren kontzientziazioa giltzarria da» hizkuntza ohituren inguruan hausnartzeko: «Hori bultzatu nahi dute 8 bideo hauek, eta udalerri euskaldunetan berariaz aurkezteko moduko bitarteko oso erakargarriak dira». Erakundeen inplikazioa nabarmendu eta eredugarri izatea ezinbestekotzat jo du: «Guk euskaraz egiten badugu, herritarrak ere bideratuko ditugu horretara».