Osinalde Sariak baditu finaleko seikoa eta ikusleak
Ane Zuazubiskarrek irabazi du Osinberde saria. Aztiri sarian, entzuleen oroigarria Aroa Arrizubietak jaso du, eta Argi-Berriko 'Txikia' garaikurra Ibai Amillategik. Osinalde Sarirako sarrera guztiak agortuta daude dagoeneko.
Antolatzaileen kezka handienetakoa hiru sailkatze saioak joka ote zitezkeen ziurtasun gabezia zen. Hiru egun jarraitan sariketa bana jarrita, lortu dute lehenengo helburua: bertsolari gazteentzat hiru saioak egitea, eta horietatik Osinalde sarirako seikotea sailkatzea. Bertsozko asteburua izan da, ostiralean Legazpin hasi, larunbatean Zaldibian jarraitu eta igandean Ordizian buka. Denetan ere ezohiko tokietan jokatu dira, aretoan; baina iazko hutsunea gaindituta.
Aztiri sariak hautsi zuen izotza, ostiralean, Legazpiko Latxartegi aretoan. Afal ondorengo berotasunik gabe hasi arren, berehala hartu zioten neurria sei bertsolari gaztek. Iragarrita zegoen Garazi Navarrok ezin izan zuen joan, eta egunean bertan deituta, Urko Arregi oñatiarrak bete zuen haren lekua.
Entzuleek boto bidez gustukoena aukeratzeko ohitura ez da galdu, eta Aroa Arrizubieta gasteiztarrak jaso du oroigarria. Epaileen puntuz, Arregi eta Arrizubieta igaro dira Osinaldera.
Osinberde eta Argi-Berri
Zaldibiako antzokian, larunbatean, VIII. Osinberde sariketan Ane Zuazubiskar arrasatearra izendatu zuten onentzat. Irabazlearen garaikurra eta oroigarria eman zizkioten. Entzuleen gustukoenaren saria, berriz, Xabat Illarregi leitzarrak lortu du. Bi horiek izango dira Osinalden.
Patxi Iraola bertsolariaren Naizen apurra liburua oparitu zieten sei bertsolariei, bestetik.
Ordiziako Herri Antzokian itxi zen sailkatze fasea, Argi-Berri sariketarekin. Ehun entzuletik gora bildu ziren. Entzuleek Ibai Amillategi gernikarra jo zuten onentzat, eta harentzat izan da Antton Mendizabalen Txikia eskultura. Epaileen puntuazioz, Unai Izagirre azkoitiarra eta Amillategi igaro dira finalera.
Sarrera guztiak agortu dira Osinalde sarirako
Hurrengoa ere bertso asteburua izango da. Gabirian 49. Osinalde Saria jokatuko da, Andre Mari elizan, larunbatean 17:00etan. Sarrera 5 euro da (aurreneko aldiz kobratuta), baina ez dago hartzen lanik, agortu baitira denak.
Aurten 50 urte dira Osinalderen lehen saria jokatu zenetik. Estreinako aldiz, ordea, elizan izango da saioa, eta 80 lagun sartuko dira. 1971n, lehena Erbie elkartean izan zen; 1972an eta iaz ez ziren jokatu, eta gainontzeko guztiak sariketari izena eman dion soziedadean.
Aurreko asteburu honetan sailkatutako sei bertsolariok jardungo dira: Urko Arregi, Aroa Arrizubieta, Ane Zuazubiskar, Xabat Illarregi, Unai Izagirre eta Ibai Amillategi. Bi neska eta lau mutil; hiru gipuzkoar, eta arabar, bizkaitar eta nafar bana.
Aurkezle lanetan Jokin Murua ariko da. Epaileak, berriz, Eresti Oiarbide, Asier Iriondo, Endika Igarztabal, Gorka Maiz eta Lurdes Murua izango dira. Hiru sari izendatuko dituzte: epaileek puntuz onentzat jotzen duten lehenak irabaziko du Osinalde saria; entzuleek gustukoenari botoa emango diote (irabazlea bera baldin bada, bigarren sailkatuarentzat), eta bertso onenarena.