Ordiziako udal gobernu taldeak 13,7 milioi euroko aurrekontua aurkeztuko du
EH Bilduren eta Ordizia Orain-Elkarrekin Podemosen elkarlanetik osatu dute proiektua. Aldunditik aurrikusitakoa baino 390.000 euro gutxiago jasoko dira. Osoko bilkuran bozkatu beharko dute.
Ordiziako Udal Gobernuak 2021 urterako aurrekontu proposamena aurkeztu du. 13.771.834,90 eurokoa da aurrekontu proiektua, eta Ordizia Orainekin elkarlanean osatu dute. Ostegunean, hilak 25, osoko bilkuran bozkatuko dute proposamena.
COVID-19aren pandemiaren urteari erreferentzia eginez hasi zuen aurkezpena Adur Ezenarro alkateak: «2021ak eusten dio duela urtebete bizitzak errotik aldatu zizkigun COVID-19ak eragindako egoera berriari, eta bizi dugun egoera berri honek isla zuzena du udalaren aurrekontuan». Esandakoaren haritik gehitu zuen, «2020an bizitakoaren jarraipena izango da 2021a, baina iaz egin izan genituenei berriro ekiteko unea ere bada».
Ezenarrok nabarmendu zuen, egoera horren adierazle dela Gipuzkoako Aldunditik jasotzen duten Foru Funtsa, «aurrekontu osoaren ia erdia» dena. 2020ko martxoko aurreikuspenak «bete ez» direla esan zuen alkateak: «COVID-19a baino lehen aurreikusitakoa baino 390.000 euro gutxiago jasoko ditugu oraindik 2021ean».
Proposamenaren aurkezpenean izan ziren Ordizia Orain-Elkarrekin Podemos alderdiko ordezkariak ere. Mila Sukia bozeramailearen esanetan, «jarrera propositibo eta positibistarekin» osatu dutela aurrekontu proiektua: «Oso konziente gara zein egoeratan gauden, eta badakigu proiektu batzuk aurrera eramateko unea ez dela, eta hori kontutan hartuz egin ditugu ekarpenak». Gainerako alderdien ekarpenak egiteko aukera ere izan dutela adierazi du alkateak, Tokiko Gobernu Batzordean urtarrilaren 28an aurkeztu zenetik, eta kontuan hartu dituzte proposatu diren ideiak.
Bost ardatz nagusi
Osoko bilkurara eramango den proposamenaren diru partiden xehetasun osoak eman gabe, Ezenarrok aurreratu du, «bost ardatz nagusi» dituela aurrekontu proiektuak.
Lehen ardatza da, 2021eko aurrekontuen zati handiena herritarrei kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzeko bideratzea. Hala, zerbitzu horiek indartzea, modernizatzea eta berritzea proposatzen dute.
Bigarren ardatza da, herri atsegin, irisgarri eta jasangarria eraikitzea. Nahiz eta Ezenarroren hitzetan, «ez da obra inbertsio handiak egiteko unea, baina bai horiek etorkizun hurbil batean garatzeko proiektuak lantzekoa. Urratsak emateko unea da, etorkizuneko Ordizia irudikatzekoa». Inbertsioetan, guztira 911.094,21 euro bideratzea aurrikusi dute. Zentzu honetan, irisgarritasunari eta trantsizio energetikorako prestakuntzari eutsiko dio Ordiziako Udalak proiektuetara 228.000 euro bideratuz. Atal honetarako, herritarren ekarpenak ere jaso dituzte, eta Ezenarrok esan zuenez, «ekarpenak kontuan hartuz, Ordiziarako proiektu anbiziotsuak» aurrikusten dituzte. Auzoetako eta eraikin publikoetan irisgarritasuna hobetzeko igogailuen proiektuak martxan jarri aparkaleku sarea hobetzeko azterketa abiatuko da, eta udal artxiboa lekuz mugituko dute anbulatorioa handitu ahal izateko, besteak beste. Hirugarren ardatza da, trantsizio energetikoaren aldeko apustu irmoa. Plaza Nagusian panel fotoboltaikoak jartzeko proiektua amaituko da, beste proiektu batzuen artean.
Laugarren ardatza kultura eta aniztasunaren herri hezitzailea da. Horren barruan, Ordiziako Harrera Plana burutuko da, eta KulturLab prozesuarekin eta Emakumeen Jabekuntza Eskolarekin jarraituko da.
Bosgarren eta azken ardatza, COVID-19 laguntzetarako partidak dira. Pandemiak gehien kolpatu dituen sektoreei laguntzak bideratzea aurrikusten dute. Horiei ia 100.000 euroko partida bideratzea dakar proposamenak.