Auto elektrikoen karga puntua jarri dute Zumarragako industrialdean
Aurten ibilgailuak doan kargatu ahal izango dira. Urtea amaitu aurretik, Zumarragako Udalak beste bi puntu jarriko ditu geltokiko eta Zelai Ariztiko aparkalekuetan
Zumarragako Udalak ibilgailu elektrikoen karga puntua jarri du Argixao industrialdean. Auto elektrikoak eta karga puntua sustatzeko, puntu horretan errekargatzea doan izango da aurtengo urtean zehar. Udalak beste bi puntu jarri behar ditu urtea amaitu aurretik: bata geltoki intermodaleko parkinean egongo da eta bestea Zelai Ariztiko aparkalekuan.
Argixao industrialdeko karga puntua atzo inauguratu zuten. Ekitaldian Mikel Serrano alkateak, Marimar Iglesias Ingurumen zinegotziak, Josu Etxaniz ekonomia berriko eta Agenda 2030eko teknikariak eta David Panadero arkitektoak parte hartu zuten.
Serranok hartu zuen hitza. «Marimar Iglesiasen eta Josu Etxanizen trantsizio energetiko departamentuak proposatu zuen karga puntua ipintzea», esan zuen.
Karga puntuaren garrantzia aipatu zuen. «Berotegi efektuko gasen emisioen %67 erregai likidoen erabilerari dagokio eta garraioaren sektorea eta ibilgailu pribatuak dira emisio horien erantzuleak. Zumarragako Udalak berotegi efektuko gasen isuriak murrizteko ekintzak garatzeko konpromisoa hartu du, eskualdeko energia planean eta klima aldaketarako ekintza planean jasotzen den bezala. Hori dela eta, ibilgailu elektrikoak kargatzeko gune hau instalatu da Argixao industrialdean. Instalatuko diren hiru puntuetatik lehena da. 2021. urtean zehar intermodaleko aparkalekuan eta Zelai Ariztiko aparkalekuan karga puntu bana jartzea aurreikusten da».
Bi ibilgailu kargatu ahal izango dira, aldi berean. «Iberdrolak instalatutako karga puntu honek bi konexio ditu. Hala, bi ibilgailu elektriko kargatu ahal izango dira aldi berean. Karga punturako instalatutako potentzia 22 kilowatt-ekoa da hartune bakoitzeko».
Aurten, dohainik
Urtea amaitu arte, bertan autoa kargatzea doanekoa izango da. «Karga puntutik eratorritako kontsumoa Zumarragako Udalaren esku egongo da, karga puntuaren erabilera sustatzeko. 2022tik aurrera, ordea, kontsumitutako kilowatt bakoitzeko tasa bat aplikatuko da, energia elektrikoaren prezioaren arabera. Zerbitzua erabili ahal izateko, beharrezkoa da Recarga Publica Iberdrola aplikazioa deskargatzea. Dagoeneko industrialdeko karga puntu hau aplikazioan ikusgai dago».
Kargatzeko puntuaren gainean eguzki plakak jarri dira, energia garbia sortzeko. «Instalazio fotovoltaikoak sortzen duen energia 500 metroko erradioan dauden udal lokaletarako eta argiteria publikorako erabiliko da. Baita karga gunea elikatzeko ere».
Inbertsioa 26.618 eurokoa da eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen departamentuak %46 ordaindu du.
Beste lan batzuk
Inbertsio hau Argixao industrialdea zaharberritzeko egitasmoaren barne egin da. Azken bi urteetan 355.000 euroko inbertsioa egin da, bertako enpresen elkartearekin adostuta. Sprik 90.000 euroko diru-laguntza eman du.
Diagnostikoa egin ondoren, errepidea asfaltatu eta margotu, irisgarritasuna hobetu eta argiteria berritu da.