Bertako ekoizleak, bederatzi erretratutan
Nafarroa 23 estudioan bertako ekoizleen inguruko erakusketa antolatu dute etzi. Argazkiez gain, lau ekoizle bertan izango dira, euren jarduna ikusleei ezagutarazteko. Hitzordua eskatu behar da aurretik.
Bertako ekoizleen azoka berezia hilabetean behin egiten da Beasainen, baina ekoizleek ez dute hilabetean behin lan egiten. Euren jarduna erakusteko ekitaldia antolatu dute Beasingo Udalak, ekoizleek eta Nafarroa 23 estudioko Jose Mari Telleria argazkilariak. «Erakusleiho moduko bat izango da», dio Telleriak.
Bederatzi ekoizleren bederatzi erretratu izango dira ikusgai. Parean, lau ekoizle egongo dira, euren produktuak erakusten. Zehazki, nekazari bat, lorezain bat, saskigile bat eta ezkogin bat izango dira. Azken hauek bertan landuko dituzte euren lehengaiak. «Ekoizle guztiak egotea nahi genuen. Edukiera arazorik ez izateko erdiak izango dira», atsekabetu da argazkilaria.
Pandemiak baldintzatutako erakusketa izango da. Iaz ziren egitekoak, baina atzeratu beste erremediorik ez zuten izan. Halere, ezingo dute bete-betean egin. Publikoa ere talde txikietan sartu beharko da estudiora, launaka. 15 minutuko txandak izango dira, argazkiak ikusi eta ekoizleekin pare bat kontu egiteko denbora justua. Aurretik izena eman behar da, taldeak osatzeko. 943 02 81 03 telefonora deitu edo merkataritza@beasain.eus helbidera idatzi behar da horretarako. Oraindik aukera badago.
Udalarekin eta azokako ekoizleekin batera ondutako proiektua da. Telleriak oroitu du aurrez egindako erakusketen harira udaleko kultur teknikariekin harremana egin zuela eta hor hasi zirela ideiari forma ematen. Ekoizleei aipatu zietenean hauek ere begi onez ikusi zuten. Telleriak azpimarratu du gustura amaitu dutela azken emaitzarekin, eta ikus-entzuleek ere hala amaitzea nahi duela.
Orain arteko erakusketek aho zapore ona utzi diote, behintzat. Telleriak hilabetero antolatzen du halako erakusketa bat Nafarroa 23 estudioan, argazkietako protagonista bertan dagoela. Orain arteko emanaldietan edukiera bete egin da.